"Artziniegako 3 museoak 5 euroren truke bisitatu ahalko dira"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 13a, 07:30
Artziniegako hiru museoak ikusi ahalko dira goiz edo arratsalde batez. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Udalak akordioa osatu du herriko museoekin. Azaroaren 14tik aurrera jarriko da martxan eskaintza.

Santxotena Tailer-Museoa, Museo Etnografikoa eta Eliz museoa ezagutzeko aukera egongo da larunbatetik aurrera Artziniegan, 5 euroren truke. "Planteamendua, museo bakoitzean bisita gidatu bat egitea da, irrika sortzea, museoetara joan ohi ez diren pertsonengan ere bai". Modu horretan bilatu dute espazioak sustatzea, "3 museo goiz edo arratsalde batean ezagutuko dituzte, eta seguru gaude bisitatzeko gogoa piztuko dela".

Arbasoen bizimodua erakusgai

Hala, hiru geltoki proposatzen ditu Artziniegako Udalak tokiko ondarea ezagutzeko. "Artziniega Museoak arbasoen bizimodua erakusten du, 17 espazioren berregitearekin: industria aurreko bizimodua, etxeetara elektrizitatea heldu baino aurreko bizimodua. Iraganerako bidaia".

Eliza Museoan, aldiz, Arteko Gure Ama Santutegia da erakargune nagusiena: "Artziniegako elizetako piezak gordetzeaz gain, Mendietako Elisako aldarea eta XVII. mendeko piezak daude. Arteko Gure Amaren XIII. mendeko irudia ikusgai dago".  

Santxotena Tailer-Museoak, berriz, abizen bereko eskultorearen tailerra bertatik bertara ikusteko aukera eskaintzen du, Euskal Herriko gune bakarra izanik uneotan. 

Bisiten erreserbak

Bisitak egiteko telefonoz egin beharko da erreserba, 945396210 telefonora deituz.  "Bisita hauetan segurtasun, prebentzio eta auto babeserako protokolo guztiak betetzen dira, bai langile zein bisitarien aldetik", erantsi du tokiko erakundeak oharrean. 

Pandemia dela-eta ezarritako neurrien ondorioz, momentu honetan Artziniegako bizilagunez gain, Gordexola eta Aiarako herritarrek ere izango dute bertaratzeko aukera: "Ekimen berritzaile honetaz gozatu ahal dute sarrera aurretik erosiz".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide