Jagoba Rey, Euskadiko "boxeo olinpiko" txapelketan bigarren

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 16a, 08:28

Jagoba Rey, larunbateko txapelketan. / Artziniegako Udala

Artziniegako Jagoba Rey txapeldunorde izan da Euskadiko 2020ko boxeo olinpikoko txapelketan.

Artziniegako Udalak jakinarazi duenez, Jagoba Rey herritarrak emaitza bikaina lortu zuen larunbatean, Gasteizen. Izan ere, Euskadiko 2020ko Boxeo olinpikoko lehiaketan bigarren sailkatu zen. "81 kiloko pisua duen gizonezko elite kategorian txapeldunorde izendatu zuten", zehaztu du tokiko erakundeak sare sozialetan. Hargatik, kirolaria zoriondu dute.

Euskadiko boxeo olinpikoko finala publikorik gabe lehiatu zen, osasun egoeraren ondorioz, eta Iñigo Medrano izan zen Reyren aurkaria. Medrano MGZ enpresaren borrokalaria da, eta esperientzia handia dauka Jagoba Reyren hitzetan. Horregatik, nahiz eta erabaki zatitu baten bitartez izan, Jagoba Rey pozik dago emaitzarekin, bere lehenengo lehiaketa izan baitzen.

Jagoba Reyk 30 urte ditu, eta boxeoa egin baino lehen, bestelako kirolak praktikatu ditu. Maila ona erakutsi zuen areto futbolean, lesio larria izan arte. Duela bi urte hasi zen boxeoan eta Arabako Federazioarekin aritzen bada ere, azkenaldian bere kabuz entrenatu behar izan du, gehienbat, osasun egoera dela medio. Esparru profesional eta akademikoan, aldiz, ingeniari agronomoa da, eta metanoaren isurketak nola murriztu ikertzen ari da bere doktoretzan.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide