"Lagun ezkutua" egingo dute Artziniegan

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko aza. 18a, 07:00
Artziniegako frontoian utzi beharko dira opariak, abenduaren 18an. / Aiaraldea.eus

Herritar batek proposatuta abiatu dute egitasmoa, eta bertan erositako material edo produktuekin egin beharko da oparia.

Tokiko merkataritza laguntzeko ekimena aurkeztu du Artziniegako Udalak. Zehazki, "lagun ezkutua" jolasa egingo dute, baina herrira mugatuta. Tokiko erakundeak azaldu duenez, herritar batek proposatu zien ideia, aurtengo urtea berezia dela-eta. 

Hala, "Artziniegan bizi eta erosi" egitasmoaren barruan kokatu dute ekintza. Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da posta elektronikoa izatea. Hain zuzen, lagun.invisible.artzi@gmail.com helbidera bidali beharko da mezua, izen-abizenak eta adina aipatuta. "Apuntatzean itzuli beharreko inprimaki bat bidaliko zaizu, zure datuak kanpaina honetan erabiltzeko baimena emateko", adierazi dute antolatzaileek. Izena emateko epea azaroak 16-25 bitartean egongo da zabalik. 

Zozketa digitalki egingo dute, aplikazio informatiko baten bidez. Horrenbestez, mezu elektroniko bidez jasoko dute partaideek beraien lagun ezkutua. Adinaren arabera, haur eta helduen kategoriak bereizi dituzte, baita gehieneko gastua ere. Lehenbizikoan 5-10€ erabili ahalko dira; eta bigarrenean, helduenean, 10-20€.  

Oparien banaketa

Opariak abenduaren 18an emango dituzte. "17:00etatik 19:00etara opariak entregatuko dira frontoian, eta 20:00etatik 22:00ak arte egongo da jasotzeko aukera. Alabaina, ezinbestekoa izango da erosketa tiketa entregatzea, "antolatzaileek erosketa Artziniegan egin dela egiaztatzeko". 

Udalak, babesle izanagatik, "opari sorpresa" bat zozketatuko du ekimenera batzen diren herritarren artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide