“Geuretik sortuak” ekimena eramango du Udalbiltzak Artziniegara

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abe. 19a, 10:53
Durangon aurkeztu zuten egitasmoa abenduaren 3an. / Udalbiltza

‘Geuretik sortuak’ kultur egitasmoa hartuko du Artziniegak 2021ean, Udalbiltzaren eskutik. Euskal Herriko 25 udalerrietan saretuko dute egitaraua. Tokian toki sortutako ipuin edo kontakizunak, antzerki obrak eta film laburrak zirkuituko herri guztietan aurkeztuko dira.

Egitasmo berria aurkeztu du Udalbiltzak: 'Geuretik sortuak'. Jabi Asurmendi lehendakariaren esanetan, kulturgileekin egindako gogoetaren ondorio da ekimena: "Kezka horretatik abiatuta hartu zuen forma proiektuak. Euskarazko sormena eta kulturaren hedapena bultzatu nahi ditugu. Euskara da proiektuaren zutabeetako bat". Kontakizunari ere eman diote garrantzia, historia kontatzeari: "Historia eta kontakizunaren alde sentikorra artea eta kulturatik jasotzen dugu. Tokian tokiko kontakizunetatik abiatuta Euskal Herrikoa sortu nahi genuen, hortik atera da 'Geuretik sortuak' izena".

25 herritan garatuko dute ekimena, tartean Artziniegan. Beka deialdia jarriko dute abian horretarako, sortzaileei plaza eskaintze aldera. "Ideia sortzaileak saretzea da, egokitzen zaien herrian 2-3 asteko egonaldia egiteko". Generoa, esperientzia eta lurraldetasuna kontuan hartuko dituzte hautaketan. Hala, herritar, erakunde eta kultur mugimenduekin harreman eta bitartekaritza lanak egingo dituzte, "sortze prozesua herri horretan egingo da".

Hiru alor

2021 amaieran aurkeztuko dute emaitza. Hiru alor jorratuko dituzte, hala ere: literatura, antzerkigintza eta zinemagintza. "Herri bakoitzean sortzaileak eleberri txiki bat, antzezlana edo film laburra sortuko du. 2021 amaieran proiektu honen bidez 4 antzezlan, eta hainbat film labur zein ipuin edo eleberri txiki sortuko dira. Kontakizun horiekin liburu oso bat egingo dugu, eta film labur guztiekin pelikula oso bat ekoitziko dugu", aurreratu du.

Artziniegan aurkeztuko dira, besteak beste, lan horiek datorren urte bukaeran, eta egileetako bat bertaratuko da tokietako bakoitzera, "eta Artziniegako istorioa beste 24 herrietan aurkeztuko da, gutxienez". 

Izan ere, zirkuitua ez dute mugatu nahi, irekiak daude proposamen berrietara: "Udalbiltzarentzat eta Euskal Herriarentzat estrategikoa da", azpimarratu du lehendakariak.

"Pandemia garaian ongizaterako kultura zein hizkuntza zein garrantzitsuak diren ohartu gara", Asurmendiren ustez: "Zentzu horretan, herritarrak animatu nahiko nituzke proiektua babestera, eta euskarazko kultura eta artea kontsumitzera. Herri batentzat ezinbestekoa da bere hizkuntzaz egindako kultura areagotzea eta zabaltzea". 

Zuberoako Zazpiak Bat elkartea, Errigora... elkarlan ugari abiatu ditu Udalbiltzak, "gauzak zenbat eta batuago egin, indar gehiago hartzen dute". Ekimenaren jarraipena udalbiltza.eus webgunetik egin ahalko da, baina udalen informazio kanaletan zein hedabideetan ere egongo da eskura.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide