10 emendakin aurkeztu ditu EAJk Artziniegako udal aurrekontuetarako

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 18a, 08:45

Artziniegako udal aurrekontuei emendakinak aurkeztu dizkio EAJk. / Aiaraldea.eus

Artziniegako EAJk 10 proposamen egin ditu 2021eko udal aurrekontuetan txertatzeko. Sare sozialetan zabaldu dituzte ekarpenak.

Batetik, herriko ostalaritza eta komertzioa sustatzeko plana diseinatzeko eskatu dute jeltzaleek, COVID-19ak eragindako pandemiaren kalte ekonomikoak txikitzeko. Horretarako, 6.000 euroko Udalbiltzaren kultur proiektua kentzea proposatu dute.

Bestetik, kaleetako garbiketa eta desinfekzioa areagotzeko aurrekontu partida bat sortzea mahaigaineratu dute: "EAJtik askotan azaldu dugu gune eta espazio publikoetako garbiketa eta desinfekzioaren garrantzia, EH Bilduren gobernu taldeak lehentasuntzat jo ez eta gauzatu ez duen arren".

Hirugarrenik, mendira eta birpopulazio proiektuetara diru gehiago bideratzeko asmoa agertu dute. "EAJtik uste dugu garrantzitsua dela mendien ordenantza eta espezie autoktonoena garatzeko plana egitea, baso kudeaketa jasangarriarekin batera". 

Hirigintza ekarpenak

Hirigintzaren alorrean Arteko Aldapako espaloia konpondu beharra azpimarratu dute, "EH Bilduko gobernu taldeari dagokien lana egiteko eskatzen diogu, Arteko Aldapan bukatzea falta den espaloi zatia bukatzeko aurrekontuetan partida gehitzea". Horrez gain, kiroldegian aparkalekua atontzeko ideia luzatu dute, "egungo gunea hobetzeko eta aparkatzeko toki gehiago izateko".

Diru-laguntzei dagokienean, diru partida handitzea nahi dute jeltzaleek, "2020.urtean, 2021eko aurrekontuetan bezala, diru-laguntzan deialdian tramitatu daitezkeen aurrekontu partida nominatiboak sartu dira, programa eta elkarte ezberdinen aldetik".  Hargatik, kultur eta kirol jarduerak garatzeko zein bestelako laguntzak jasotzeko modua diru-laguntza hori baliatzea izatea iradoki dute.

Energia berriztagarriak instalatzeko berriz, planarekin batera ekintza zehatzak proposatu ditu EAJk: "Eguzki plakak jartzea udal eraikinetan lagungarria izan daiteke kontsumo energetikoa eta gastu ekonomikoak murrizteko, klima aldaketa eragoztearekin batera".

Parte hartze gehiago

Auzoetan ere inbertsio gehiago behar dira, jeltzaleen iritziz. Zentzu horretan auzo bilerak antolatzeko ideia jarri dute erdigunean, udal aurrekontuetan euren interes eta beharrak gaineratzeko. Ildo beretik, aurrekontuak osatzean prozesu parte hartzaileago bat egon beharko litzatekeela adierazi dute, alderdi politiko zein elkarte mugimenduaren presentzia zuzenarekin, "eta 2021eko udal aurrekontuak xehetasunez definitzeko denborarekin". EAJren hitzetan, egungo egoera ezin da aitzakia izan: "EH Bilduk EAJren eredu parte hartzailea kritikatu izan du urteetan zehar, eta berdina egiten ari dira".  Hori dela eta, saio birtual irekien bidez herritarren proposamenak jasotzeko bidea aipatu dute: "Eredu parte hartzaileagoak aurrera eramateko udal aurrekontuaren %1 bizilagun zein elkarteek proposatutako proiektu zein eginbideetara bideratzeko eskatzen dugu".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide