Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Konposatzean ez dut estilo finko bat jarraitzen, barrutik ateratzen zaidana egiten dut”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 30a, 14:54
Ibilbide luzea egin du Unai Etxebarriak musikagintzan. / Zuriñe Alava

UNAI ETXEBARRIA (BASAURI, 1993) Erretes Tudelan bizi da gaur egun. Ibilbide oparoa egin du musikagintzan, bere bakarkako bigarren lana plazaratu berri du: Musu bat diskoa. 

Pandemia baten erdian plazaratu duzu zure bakarkako bigarren lana. Egoerak bultzatu zaitu horretara?

Musu bat pandemiaren erdian sortutako lana da bai, baina urtearen azken hilabeteetan amaitutako proiektua izan da. Pandemiak izan du eragina baina, egon izan ez balitz ere, lana plazaratuko nuke. Aurtengo egoera oso zaila izaten ari da guztiontzat, baina bereziki artisten mundu honetan sartuta gaudenontzat, eta hori izan da arrazoi garrantzitsuena.

Oso gaztetatik ekin diozu musika jotzeari. Zer nolako ibilbidea izan duzu orain arte?

Ibilbide nahastu bat izan dut. Nire aitarekin txikitatik daramat plazaz-plaza trikitixa eta panderoa jotzen. Baina, erromeriaz aparte, beste musika estilo asko landu izan ditut, rocka, adibidez. Talde batekin urte asko aritu nintzen. Erromeri talde batekin ere egon nintzen, beste urte pila bat. Orain, proiektu asko ditut buruan, trikitixa erro moduan hartuta.

Atzekabe taldearekin aritu zara, baina orain bakarlari gisa taularatu zara. Zergatik erabaki duzu salto hori ematea?

Atzekabek oso fruitu ederrak eman dizkit, baina fruitu horietara nola heldu jakiteko modua ere. Momentu ederrak atzean utzita eta taldekideen heldutasun garaiko zailtasunak ikusita, nire kabuz jarraitzea pentsatu nuen eta horrela izan zen. 

Gordeta nituen letra batzuk eta berriak ere egin ditut. Argitaratzeko modu bakarra nire kabuz egitea zen, nire erritmora moldatzeko.

Folk soinuak jorratzen dituzula dio diskoaren aurkezpenak, baina abestietan bestelako estilo batzuen eragina ere sumatu daiteke. Zer nolako doinu eta letrak bilatu dituzu?

Konposatzen dudanean ez dut estilo finko bat jarraitzen. Barrutik ateratzen zaidana egiten dut, eta gustatzen bazait, perfekzionatu egiten dut. Letrak normalean lehendik idatzita izaten ditut. Hainbat gairi buruzkoak dira: ikusten dudana, bizi dudana... Ez dakit, munduan topatzen ditudan istorioak islatzen ditut paperean. 

Zure aitarekin ere jotzen duzu. Zer nolako eragina izan du berak zure ibilbidean?

Musika arlotik dakidan asko irakatsi dit berak. Gehienbat, jendearekin musikariok izan behar dugun presentzia eta haiekin egoten jakitea. Nire musika ibilbidearen erdia aitarekin igaro dut eta, ziur aski, musikari agur esaten diodan arte, ondoan izango dut, eta horretaz harro nago. 

Zuk zeuk konposatu eta grabatu dituzu instrumentu guztiak. Modu kontzientean hartutako erabakia izan da, edo egoerak bultzatu zaitu horretara?

Bai, modu kontzientean hartutako erabakia da. Apurka apurka eta modu kontzientean, urteetan zehar instrumentuak nik bakarrik jotzen ikasi ditut. Horregatik, orain dela urte batzuk era berdinean, grabaketa, nahasketa eta produkzio apur bat ikasita, aurrera jarraitu nuen. Beraz, orain nik bakarrik egiten dut guztia eta nire gustuaren arabera moldatzen ditut abestiak, edo horretan saiatzen naiz behintzat. 

Urte arraro baten amaieran plazaratu duzu diskoa. Pandemiak erabat baldintzatu du kontzertuak egin ahal izatea. Nola duzu diskoa aurkezteko asmoa? 

Sare sozialetan egin dut  aurre-aurkezpena. Kontzertuak egin nahi ditut, proposatu ere egin dizkidate. Baina egoera dagoen moduan ezin da ezer programatu. Beraz, ametsgaizto hau amaitzen denean, espero dut jendeak kontzertuak eta musika arnasgune gisa erabiltzea. Orain, gauza bakarra gomendatzen diot jendeari: bozgoragailuak hartzea eta gustoko duen musika entzutea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide