Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Abestiak berreskuratzea da Kuttuneren helburua, ahanzturan erori ez daitezen”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 31a, 07:00

Perkusioaz arduratzen da Nerea Quincoces Ochoa. / Kuttune

NEREA QUINCOCES OCHOAk (Artziniega, 1993) Kuttune taldea sortu du beste hainbat musikarirekin batera. ‘Crowdfunding’ kanpaina abiatu dute lehen diskoa plazaratzeko. 

'Crowdfunding'-a abiatu zenuten Kuttune taldearen lehen diskoa plazaratzeko, eta gutxieneko diru kopurua eskuratu duzue dagoeneko. Nola baloratzen duzue ekimenak izandako harrera?

Oso harrera ona izan du, oso pozik gaude. Jende ezagun zein ez horren ezagunak jarri du dirua. Proiektuarekiko atxikimendua dutenen kontaktu sare bat egiteko balioko digu. 'Crowdfunding'-a diskoa aurretik erosteko modu bat da, eta era honetan denek izango dute diskoa kaleratu bezain laster. Pozik gaude, beraz. 

Otsailaren amaieran amaituko da dirua biltzeko ekimena. Zer egingo duzue orduan?

Entseatzen hasiko gara, diskoaren grabaketari begira. Apirilean sartuko gara estudioan. Bi hilabete ditugu dena prestatzeko. Diskoaren azala Paula La Fuentek egingo du. 

“Zaila izan da horren lengoaia musikal ezberdinetako pertsonak batzea, baina lortu dugu elkarrekin bide bat osatzea”

Badakizue noiz argitaratuko duzuen?

Ez dugu datarik zehaztu, inoiz ez dakizulako zer gertatu daitekeen. Baina grabaketak apirilean egingo ditugu, hori ziur. Diskoaren nahasketa eta kopiak egiteko behar den denboraren arabera, lehenago edo beranduago izango dugu emaitza. Espero dugu 'crowdfunding'-aren bidez aurreikusita genuen kopia kopurua ateratzeko haina diru eskuratzea. 

Duela urtebete sortu zenuten taldea. Nola batu zineten eta zer nolako ibilbidea izan duzue orain arte? Pandemia bat izan duzue erdian...

Taldearen ideia duela bi urte inguru sortu zen, orduan hasi ginen grabatzera goazen errepertorioaren gaineko ikerketa egiten. Taldea duela urtebete eratu genuen, gutxi gorabehera. Entseatzeari ekin genion, eta pandemiaren erdian aukera izan genuen kontzertu bat eskaintzeko, Bilbon. Oso harrera ona izan zuen emanaldiak. Ondoren geldialdia izan dugu, mugikortasun aldetik egon diren neurri guztien ondorioz. Baina orain entseguak modu profesionalean egingo ditugu, diskoari begira. Normaltasunen jardun ahal izatea espero dugu. 

Zer topatu ahalko du entzuleak diskoan?

Errepertorio guztia musika tradizionala da. Abestietako asko ez dira oso ezagunak, kantutegi edota artxiboetatik berreskuratu ditugulako. Kanta horietako asko jada ez dira jotzen. Taldearen helburua da abesti folkloriko horiek berreskuratzea, ahanzturan erori ez daitezen. 

Errepertorioaren beste zati bat apur bat ezagunagoa da, baina dena oinarritzen da folklorean. Kantu asko Euskal Herrikoak dira, gu hemengoak garelako. Erritmo tradizional asko nahastu ditugu: Euskal Herrikoak, Afrikakoak, Kubakoak... toki horietako instrumentuak hartu eta hemengo panderoekin uztartu ditugu. Taldekide bat aditua da Mediterraneoko hari-pultsatua jotzean, adibidez. Laburbilduz: Iberiar Penintsulako kantak bildu ditugu, Euskal Herrikoak batez ere, eta beste folklore batzuekin uztartu ditugu. 

Ikerketa lan handia egin duzue, beraz.

Hori da. Azkue Fundazioaren artxiboan egon gara, adibidez. Urueñan ere egon gara, Joaquin Diazen artxibategian. Hala ere, ez gara horretara mugatu, taldearentzako konponketa eta konposizio propioak ere egin ditugulako. Jada existitzen diren melodien gainekoak dira gehienak, baina badaude taldearen konposaketa propioak ere. 

Erritmoaz arduratzen zara zu. Nondik datorkizu musika tradizionalarekiko interesa?

Musika afro-kubatarra jotzen hasi nintzen ni. Hortik abiatuta, toki askotako folklorea interesatzen hasi zitzaidan. Bide hori hartu nuen. Beste artista eta folklorista batzuen lana ikusi nuen eta oso jardun interesgarria iruditu zitzaidan, abestiak topatu eta berreskuratzearena, tradizioa galdu ez dadin. Asko interesatzen zitzaidan Iberiar Penintsulan dagoen ondarea, eta baita hemengo, penintsulako eta Kubako kulturen artean dagoen hartu-emana ere. 

“Abestietako asko ez dira oso ezagunak, kantutegi edota artxiboetatik berreskuratu ditugulako”

Afrikako perkusioa ere ikasten ari naiz, eta nire irakaslea ere taldearen parte da, eta kultura hori irakatsi dit. Guztiaren arteko nahasketa bat izan da Kuttune proiektua. 

Musikari asko batu zarete proiektuan.

Bai, oso musikari ezberdinak gara. Batzuk perkusioaren munduan murgilduta gaude, baina badaude baita beste musika estilo batzuetatik datozen kideak ere: jazza, musika klasikoa... batzuk partiturekin lan egiten dute lan, eta beste batzuk ez. 

Hamar kide gara guztira.  Jon Andoni Perez musika afrikar irakaslea da. Aritz Mugartegik hari pultsatuko instrumentuak menperatzen ditu, taldeko ahotsetako bat da eta euskal zein iberiar perkusio instrumentuak jotzen ditu. Jordi Arcusak baxua jotzen du, Tania Lozak piano klasikoa, Irene Gilek txirula eta Aingeru Torrek saxofoia. Pablo Davilak, berriz, klarinetea gehitu dio bandari, eta duela gutxi hasi da alboka ikasten, eta abesti konplexuak atontzeko gai da dagoeneko, izugarria da. 

Amaia Arrieta da abeslaria. Rock talde batean kantatzen zuen, bertan ezagutu nuen. Soul eta gospela ditu gogoko batez ere. Nik perkusioa jo, konponketak prestatu eta abestu egiten dut. 
Zaila izan da horren musika hizkuntza ezberdinetako pertsonak batzea, baina lortu egin dugu elkarrekin bidea osatzea. Taldearen beste berezitasun bat izango da hori, oso arlo ezberdinetako kideez osatua egotea. 

Hau da zure lehen proiektu propioa?

Guztiak egon gara hainbat proiektutan. Ni perkusio klasikotik nator, eta hainbat orkestra eta taldetan egon naiz. Orain hemengo folklorean eta musika afro-kubatarrean murgildu naiz. Hau da nire lehen proiektu propioa konposizio eta konponketei dagokionez, baina pila bat proiektutan egon naiz. 

“Zuzeneko bat izango balitz bezala grabatuko dugu diskoa, denak batera joz”

Baduzue kontzerturik eskaintzeko asmorik?

Diskoa zuzeneko bat izango balitz bezala grabatuko dugu, denak batera jota. Natural entzutea nahi dugu, kontzertu bat izango balitz bezala. Horregatik, ez da alde askorik egongo grabaketaren eta zuzeneko baten artean. 

Proiektua ahal bezain beste zabaldu nahi dugu. Bira bat egin, sortzen diren kontzertu guztiak gozatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide