Eguneko Arretarako Landa Zentroaren esleipenak eztabaida piztu du EAJren eta EH Bilduren artean

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 16a, 07:00

Artziniegako Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak. / Artziniegako EAJ

Kontratazio mahaian ordezkari politikoak egon izana salatu dute jeltzaleek. Udal Gobernuak, ordea, gezurretan aritzea leporatu eta kontratazio publikoen araudia ez ezagutzea leporatu dio EAJri.

Artziniegako martxoko udalbatzan Eguneko Arretarako Landa Zentroaren esleipen prozesuan irregulartasunak egon zirela adierazi zuen EAJk. Jeltzaleen iritziz, gardentasun falta egon da prozesuan zehar, eta bozketan abstenitu egin ziren. "Izapidetze-prozesuan zehar gorabeherak izan ziren, eta gure taldeak horiei buruzko azalpenak eskatu zituen, eta hauek ez ziren argigarriak izan, baizik eta ziurgabetasun handiagoa eragin baitzuten" azaldu du Encina Castresana zinegotziak.

Alkateordeak lizitazioen plataforman sarbidea eta kudeaketa gaitasuna izatea da jeltzaleek nabarmendutako irregulartasuna. "Kontratazio Publikoaren Lege berriarekin, ezin da ordezkari politikorik egon lizitazioetan" azaldu du Castresanak.

"Joseba Vivanco alkateak zuzentzen duen gobernuaren kudeaketa-gaitasun hutsaren adibide garbia dugu. Alkateak EAJ-PNVren aurreko gobernu-taldeak egindako lanetik bizitzen jarraitzen du, eta oposizioan egonda kritikatu zuen lanaren meritua bere buruari egozten dio, eta orain ez da gai Artziniegako udala kudeatzeko" adierazi du bozeramaile jeltzaleak.

EH Bilduren erantzuna

Udal-gobernuak gezurretan aritzea leporatu die Artziniegako jeltzaleei: "irregulartasunak egon direla salatu dute kontratazio-mahaian parte hartu ez dutelako soilik".

2017ko Kontratazio Publikoen Legearen arabera kontratazio mahaietan alkateak eta funtzionarioek parte har dezakete soilik. "Arau hori EAJ alkatetzan zegoenetik dago indarrean" azaldu dute EH Bilduko ordezkariek, "honek agerian uzten du zeinen gutxi informatu den EAJ udalbatzara etortzeko".

Esleipen publikoetarako eskaintza guztiak Jaurlaritzaren plataforma telematikoa erabiliz zabaltzen direla gaineratu dute EH Bilduko kideek, hau da, ez direla gutun-azalak erabiltzen.

Prozedura hori administrazio guztietan erabiltzen da, eta horregatik plataformaren erabilera ezagutzen zuen EH Bilduko zinegotzi batek parte hartu zuen. Aurkeztutako bi enpresen balorazio teknikoa, ordea, gizarte langile batek eta Diputazioko bi teknikarik egin zuten.

Artziniegako EAJk "marra gorria" zeharkatu duela adierazi du EH Bilduk: "Hau ez da Salvame Deluxe, hau udaletxe bat da, eta herritarren zerbitzura lan egitea dagokigu". Irregulartasun baten berri izanez gero epaitegietara jotzeko eskatu diete jeltzaleei, "eta bestela utz diezagutela lan egiten".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide