IRATI LAFRAGUA

“Zorte handia izan zen pandemiaren lehen zatia Norvegian igarotzea”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 30a, 08:15

Azken 10 urtetan hainbat herrialdetan bizi izan da Irati. / Irati Lafragua

Gaisteizen jaioa, Artziniega izan du bizileku IRATI LAFRAGUAK, Norvegiara bizitzera itzuli den arte.

Tromsøn 4 urte bizi eta gero Artziniegara etorri zinen, eta orain lau hilabetez itzuli zara Norvegiara. Zerk eraman zaitu toki batetik bestera?

Azken 10 urteetan toki batetik bestera ibilia naiz: Bogotá, Gainsville (Florida), Londres, eta azkenean duela ia 5 urte Tromsøra etorri ginen bizitzera nire bikotearen lanagatik. Hemen oso pozik egon gara baina "etxera" bueltatzeko gogoak genituen eta hemen naturaz eta mendiz inguratuta bizi ondoren, Gasteiz ez zen gure aukeretako bat.

Artziniega nire familiaren herria da, eta beraz etxea bezala sentitzen genuen tokia ere. Orain, hilabete batzuk bakarrik bueltatu gara lan kontuengatik, baina maiatzean Artziniegara itzultzeko asmoa daukagu.

Nolakoa da bizimodua hain iparraldean kokatuta dagoen hiri batean?

Kontraesan bat ematen badu ere, hemen bizitza naturan eta kanpoan gertatzen da. Egun elurtsuenetan ere jendeak trineoak, renoen azalak eta egurra hartu eta edonora joateko ohitura du, bat egiteko eta bertan saltxitxak egiteko bazkaltzeko.

Eta, egia esan, hemengo eguraldiarekin ez dago beste modu batean egiterik urte osoa, etxean egon nahi ez baduzu behintzat. Guretzat hasieran oso arraroa zen umeak kalean ikustea eskoletan euri edo elur zaparrada handien azpian, baina hemen esaten duten bezala "ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik". 

Ezberdintasun handia dago bertako bizimoduaren eta Euskal Herrikoaren artean? Zertan?

Hemen bizitza oso lasaia da, ez dira asko estresatzen, ez lanean ez bizitza pertsonalean. Ezberdintasun handiena ordutegia dela esango nuke. Hemen gutxi eta goiz bazkaltzen da, eta asko eta oso goiz afaldu. Guk hemen seiretan afaldu egiten dugu, eta hori pentsaezina da handik!

Gainera, negua eta uda oso desberdinak dira, neguan azaroaren 21etik urtarrilaren 21era arte ez baita eguzkia ateratzen (gau polarrak) eta udan alderantzikz (gauerdiko eguzkia). Hasieran zaila ematen badu ere, denetara ohitzen da gorputza, baita eguzkiarekin lo egitera ere, edota gauez lan egitera. 

Alde handia sumatu duzu koronabirusaren pandemia kudeatzeko hemen eta Norvegian dauden moduen artean?

Desberdintasun asko egon da, batez ere, herrialde bakoitzari pandemiak nola eragin dion begiratuta. Hemen oso kasu gutxi egon dira (iparraldean). Alde batetik bizitza ezberdina delako, eta bestetik ez direlako oso pertsona "hurbilak".

Hemen hasieran eskolak eta haurreskolak itxi zituzten, baina hilabete bat pasa eta gero, berriz ireki zen dena eta inoiz ez gara konfinatuta egon etxeetan.

Hori bai, telelana gomendatu dute denbora guztian, eta unibertsitateek itxita jarraitu dute, eta oraindik klase gehienak Internet bidez egiten dira. Orain arte musukorik gabe ibiltzen ginen, baina duela aste pare bat derrigortu zuten erabilera autobusetan eta dendetan.

Zorte handia izan zen guretzat pandemiaren lehengo zatiak hemen harrapatzea, eta oraingo hilabete hauek ere "normaltasun" sentsazioa eman digu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide