Artziniegako alkateak Errege Kopako finalaren jarraipena egin izana kritikatu du EAJ alderdiak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 8a, 09:00

Joseba Vivancok berak eman zuen bidaiaren berri, sare sozialen bidez.

Artziniegako EAJk "harriduraz" hartu du Joseba Vivanco alkateak Sevillako finalera bidaiatu izana. Azalpenak eskatu dizkio alkateari. Vivancok adierazi du lan egiten duen egunkariarentzako kolaborazioa egitera joan zela eta ez duela inolako ordainsaririk jaso jarraipen hori egiteagatik.

Artziniegako EAJk oharra plazaratu du Joseba Vivanco alkatea Sevillan jokatu zen Errege Kopako finalera joan izana salatzeko. Jeltzaleak "harrituta" daudela onartu dute, COVID-19aren hedapena ekiditeko helburuarekin autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna mugatuta baitute herritarrek.

Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, udal-taldeak eskaera erregistratu du Artziniegako udalean alkateak Informazio Batzorde berezian azalpenak eman ditzan. Batzorde horretan Vivancok Sevillara egindako bidaiaren arrazoiak argitzea, bai eta bertara joateko erabilitako jusitifikantea zein zen ezagutzea espero du EAJ alderdiak.

Bestalde, Joseba Vivancok Athletic-Erreala futbol partidaren harira GARA egunkarian sinatutako zenbait artikuluren inguruan galdegin dute ere ordezkari jeltzaleek. EAJren esanetan Vivancok alkate funtzioak betetzeko dedikazio esklusiboa du, eta ondorioz, ezingo luke beste lan batengatik dirurik jaso. Artikuluak sinatu izana "Artziniegako herritarrekin hartutako konpromisoa hausten duela uste dute".

Joseba Vivancoren erantzuna

Artziniegako alkateak beste ohar bat plazaratu du, EAJk zabaldutakoaren aurrean herritarrei argipenak emateko. Artziniegako alkateak ziurtatu du "EAJren hitzak ez duela inolako sinesgarritasunik".

Vivancok azaldu bezala, urteak darama GARA egunkarian lanean kirol kazetari moduan, eta azken 8 urtetan Athletic Club futbol taldearen egunerokoa jarraitu du. Alkatetza lortzearekin batera eszedentzia eskatu zuen jardun berriari heltzeko, baina ziurtatu du egunkarira itzuliko dela: "EH Bildun ez dugu ate birakaririk, Artziniegako EAJk, ordea, ezin du bera esan".

Ohikoan Athleticen informazioa jarraitzen duen kazetariak ezin zuenez La Cartujan jokatuko zen partidaren jarraipena egin, egunkariak Joseba Vivancori proposatu zion Sevillara joateko aukera, beste kazetari eta argazkilari batekin batera.

Artziniegako alkateak GARA egunkariak emandako justifikantea baliatu zuen bidaiatzeko, eta azpimarratu du ez duela inongo dirurik jaso euskal taldeen finala jarraitzeagatik. "EAJk leporatzen didan inkonpatiblitatea ez da existitzen, ez baitut ordainsaririk jaso kolaborazio puntual honen truk".

"Herri txikia gara, elkar ezagutzen dugu. Nik kontzientzia oso lasai daukat" adierazi du alkateak. Amaitzeko herritarren batek azalpen gehiago nahi izanez gero udaletxeko ateak zabalik dituela gogorarazi du Joseba Vivancok

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide