Elkarretaratzea egin zuten atzo - apirilak 29- Artziniegako La Encina zahar-egoitzaren aurrean. Izan ere erresidentziako arduradunek bi langile kaleratu dituzte. ELA sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez beste bi langileri ez diete kontratua berritu. "Lan eskubideen alde sindikatu batean antolatu garenon aurkako jazarpen estrategia batean murgildu da enpresa", salatu dute kaleratutako langileek.
Izan ere, enpresarekin lan egutegia adosteko ezintasunaren aurrean, hauteskunde sindikalak egin zituzten egoitzako langileek euren lan-baldintzak defendatzeko. Geroztik sindikatuta daudenen aurka jo du zuzendaritzak. Errendimendu baxua eta fede txarra leporatzen die enpresak langileei, baina kaleratuek salatu dute akusazio faltsuak direla horiek.