Atzo arratsaldean bilera antolatu zuen Artziniegako Udalak. Hiribilduaren aitorpenaren urteurrena landu zuten. Izan ere, 750 urte beteko dira udalerriari izaera hori aitortu ziotenetik, 1272. urtean.
Data ospatzeko, udalak herritarrei proposatu die hainbat ekitaldi antolatzea 2022an eta horretarako eredu mistoa baliatzea. Hau da, tokiko erakundeak parte hartzea antolakuntzan, baina baita herriko elkarteek eta norbanakoek ere. Xede horrekin, kontseilua sortzea da asmoa, elkarteek eta udalak esparru berean lan egin dezaten.
3 batzorde, 3 lan ildo
Kontseilu horrek 3 batzorde izango ditu, zeinetan herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango duten, norbanako bezala. Proposamen horiek eztabaidatuko ditu kontseiluak.
Printzipioz, batzorde horiek hauek izango lirateke: ekonomikoa -udalak jarriko duen diruaz gain, baliabide ekonomiko gehiago eskuratzeko-, historikoa -historiari lotutako edukiak jorratzeko- eta egitarau batzordea. Azken hori arduratuko da planteatzen diren ekintzak antolatzeaz.
Izen ematea
Gauzak horrela, udalak inprimakiak utzi ditu eskuragarri bere webgunean, liburutegian eta udaletxean, interesdunek izena eman dezaten.
Edonola ere, Unai Gotxi zinegotziak argitu du proposamena hobetzeko ideiak jasoz gero, aintzat hartuko dituztela. Hasteko, atzo 17 lagun inguru batu ziren bileran eta espero dute jende gehiago ere animatzea.