Zertan datza Udalbiltzaren “Geuretik sortuak” dinamika?
Udalbiltzak sustatutako egitasmoa da, sortzaileak eta Euskal Herriko herri desberdinak arte diziplina desberdinen bidez lotzea helburu duena. Euskara hutsezko kultur sormena, ekoizpena eta hedapena sustatu nahi dituen zirkuitu nazionala da ‘Geuretik sortuak’.
Guztira, 28 sortzaile gara hautaketa fasea igaro eta erronkan murgildu garenak. Hiru diziplina desberdinetan gauzatuko da egitasmoa: literatura, zinemagintza, eta antzerkigintza.
Zertan datza zure sorkuntza prozesua?
Nik ipuin bat idatziko dut, beste 17 idazlek bezala. Hautaketa fasera aurkeztu nuen proiektuan lapurreta baten inguruko istorioa aurkeztu nuen, non bisitari bat herri batera iritsi eta bertako ikur esanguratsu bat lapurtuko duen. Istorioa Artziniegara moldatuko dut orain, Artziniega baita nire sorkuntza egonaldirako egokitu zaidan herria.
Ezagutzen zenuen Artziniega aurretik?
Ez, ez nuen ezagutzen. Ezaguna zitzaidan nire unibertsitateko bi klasekide hemengoak baitziren baina ez nekien ezer herriaren inguruan ezta zehazki mapan non kokatzen zen ere.
"Artziniegako egunerokoaz bustitzen ahalegintzen ari naiz, guzti horrek isla izan dezan idatzi behar dudan istorioan"
Nolakoa ari da izaten zure egonaldia?
Dagoeneko bi aldiz egon naiz herrian, bertako txokoak ezagutu eta eguneroko bizimodua nolakoa den jakiteko. Maiatzean egon nintzen aurrena eta orain ekainean beste egun batzuk igaro ditut.
Komentuan eman didate ostatua eta lo egiteko tokia. Udalak eta herritarrek baliabide ugari eskaini dizkidate nire egonaldia ahalik eta atseginena eta emankorrena izan dadin. Unai Gotxi alkateordea ari da gidari lanak egiten. Ni herriko egunerokoaz bustitzen ahalegintzen ari naiz, guzti horrek isla izan dezan idatzi behar dudan istorioan.
Besteak beste Santxotena museoko eta Artziniegako Museo Etnografikoko ateak parez pare zabaldu dizkidate nire dokumentazio lana ahalik eta gehien aberasteko.
Uztailean beste astebetez hurbilduko naiz herrira. Auzokideekin elkartzea eta herriko anekdota desberdinak jasotzea da nire asmoa. Herriko apaizarekin elkartzeko aukera izango dut, besteak beste; misiolaria izandakoa da eta ziur nago herriko bitxikeria ugari kontatuko dizkidala.
Zein izan zen zure lehenengo inpresioa Artziniegara iristerakoan?
Oso herri polita dela deritzot, asko gustatu zait. Kaleetan, tabernetan... bizitasun handia dagoela nabari da, eta hori asko eskertzen dut, batez ere bizi ditugun garai hauetan. Paseo ugari eman ditut herri ingurutik eta asko disfrutatu dut. Kale eta tabernetan ere ibili naiz herritarrak nola bizi diren ezagutzeko.
Baduzu Artziniegako txoko kuttunik dagoeneko?
Leku asko ditut ezagutzeke oraindik, baina dagoeneko erabaki dut non gertatuko diren ipuineko hainbat pasarte. La Tejako urtegia asko gustatu zait. Bi aldiz izan naiz bertan eta hainbat burutazio etorri zitzaizkidan burura, oso leku atsegina eta interesgarria da.
Errota zaharra ere asko gustatu zitzaidan, ziur nago horrek ere izango duela espazioa nire lanean.
Nola uste duzu islatuko duzula Artziniega zure ipuinean?
Gauza asko zehazteke ditut, baina Euskal Herriko periferiako herriekiko dauden aurreiritzi asko apurtzeko baliatu nahi dut nire lana. Askotan, Gipuzkoatik esaterako, uste dugu Euskal Herriko ertz hauetan, Burgoseko mugan, ez dela euskaraz hitz egiten. Aukera ona dugu esku artean Euskal Herriko txoko desberdinak kulturaren bidez mapan jarri eta hauen errealitatea azalerazteko.
Noiz aurkeztuko duzu ipuina?
Irailean aurkeztu behar ditugu sorkuntza literarioak. Udalbiltzak argitalpen bat egingo du guztiekin