EH Bilduren Udal Gobernu Taldeak “kudeaketa eta antolaketa falta” nabaria du. Hala uste du EAJren Udal Gobernu Taldeak. Udalaren gabeziaren horren hainbat adibide bildu ditu opozisioko taldeak prentsa ohar batean.
Iragan asteko Udal Osoko Bilkurara aurkeztu behar zen dokumentazioa ez eramatea leporatu diote jeltzaleek Udal Gobernu Taldeari, eta nabarmendu dute egoera hori “legealdiaren hasieratik” errepikatu dela.
Igerilekuak hizpide
Horrez gain, gai-ordenatik udal igerilekuak egokitzeko obraren esleipena kendu izana kritikatu du EAJk. Igerilekuekin egiten ari den kudeaketa publikoa “kezkagarria” izaten ari da bizilagunentzat, Encina Castresanaren ustez. Bozeramaile jeltzaleak horren adibidetzat jarri du igerileku txikia osasun-kontrolagatik behin behinean itxi izana, “eta igeriketa-ikastaroei buruzko informaziorik ez izatea”.
Sojogutiko hilerria
Dena dela, igerilekuena ez da kasu isolatua, Castresanaren arabera. Nabarmendu duenez, beste hainbat kasu ere gertatzen da: “lubetekin, diru-laguntzekin, kreditu gaikuntzekin edota Sojogutitik Berroneserako bidea ireki eta egokitzearekin”. Sojogutiko hilerriaren egoera ere deitoratu dute jeltzaleek, belarrez eta sastrakez beteta jarraitzen duela argudiatuta. "Udal talde nazionalistatik Gobernu Taldeari (EH Bildu) eskatu nahi diogu gaiaren inguruan hitz egiteko eta gure auzokideentzat interesgarria den kokagune hau egokitzeko".
Foru Plana
Beste aldetik, EAJko kideek oharra baliatu dute Arabako Foru Aldundiari eskerrak emateko, Foru Planaren bidez Uretarainoko hodiak berritzeko laguntza emateagatik.
Foru Planari aurkeztutako beste proiektuarekin, aldiz, jeltzaleak ez daude erabat ados. "Gure proposamena Barratagurenera arte espaloi bat eraikitzea izan zen. Horrela, Garay etorbidean, A-624 errepidea konponduz, bietako bat aurreztuko genuke. Edo, bestela, biribilgunetik Santutegirako errepidea konponduko genuke, jauregiaren aurrealdean esku hartuz, espaloia jarrita falta den zatian, eta Artetik jaisten diren urak jasota”.