Bazter eder asko dauzka Artziniegak, baina Encina Arrazuriak kuttunenetan kuttunena erakutsi nahi izan digu: eliza atzeko kantoia. Bere amamaren etxea dago bertan, gaur egun Encinaren bizileku. Zeharo maiteminduta dago txoko honetaz, eta pasio hori transmititu nahi izan digu.
Gaztetan Laudion bizi zen Encina. Denbora gutxi ematen zuen herrian, astean zehar Urduñan ikasten baitzuen eta astebururo Artziniegara etortzen zelako: "Ostiraletan, eskolatik bueltan, kotxean sartu eta Artziniegara etortzen ginen familiarekin, erabat askeak eta zoriontsuak ginen hemen!".
Eliza pareko etxe batean igarotzen zuen asteburua, amaren etxean, eta etxe azpiko kantoian ditu haurtzaroko oroitzapen politenak. Agirre Lehendakaria izena du pasealekuak; Artziniegan, ordea, bizilagun guztiek elizako atzekaldea bezala ezagutzen dute.
Moja Agustindarren komentuaren harresi azpitik hasi dugu Encinak gidatutako bisita: "Orain bidea konpondunta dagoen arren, bere garaian ezinezkoa zen hemendik autoarekin igarotzea" azaldu digu. Hemen jolasten ziren haurtzaroko lagunak: "Inguruko belarrak biltzen genituen eta saltzaile plantak egiten genituen". Agian hortik datorkio merkatari ofiziorako grina.
"Orain inguruko etxeak konponduta daude, baina gaztetan eraikin asko biltegi bezala erabiltzen zituzten, eta horien artean ibiltzen ginen bueltaka bihurrikerietan" adierazi digu Encinak irribarrea ahoan. Haurrak bakarrik ez, belaunaldi desberdinetako herritarrak biltzen ziren eliza atzean: "Gu korrika eta bueltaka ibiltzen ginen bitartean herriko agureak ere hemen bertan elkartzen ziren. Gogoan dut nire amama Casilda, Anita zapataria, Maria, Rosi eta beste hainbeste elizaren hormaren kontra jartzen zirela, josteko tramankuluekin arratsaldepasa. Nire izeko ere bide erdian jartzen zen eguzkia hartzeko. Egundoko giroa zegoen hemen!". Herriko belaunaldi asko igaro dira hemendik: "Gure adinekoak hemen batzen ginen, baina baita gazteagoak ere! Belaunaldiz belaunladi igaro da toki honekiko maitasuna. Orain 15 urteko gazteak biltzen dira hemen, leku bizia izaten jarraitzen du!".
Kalean aurrera egin eta Campillo izeneko behatokira iritsi gara: "Berriztu berria dago orain, gazteak ginenean landarez beteta zegoen". Begiratokiaren aurrean dagoen elizako hormako txoko bat erakutsi nahi izan digu: "Bazter honetan etxola bat zegoen lehen eta Jose apaizak bere kotxea gordetzen zuen bertan, 600 zahar bat. Gu etxolaren teilatuan ezkutatzen ginen jolasean" gogoratu du Artziniegako dendariak. "Don Josek kotxea abiarazi ezin zuenean, bultzaka lagundu behar izaten genion behin baino gehiagotan hemen elkartzen ginen 10-12 neska-mutilok!"
Encinak ezin du gorde toki honekiko sentitzen duen maitasuna, ez du gorde nahi. Txikitako oroitzapenetan zehar paseatzen du kale hau zeharkatzen duen bakoitzean, maite du Artziniega: "Ederra da Artziniegako bizitza, ez nuke herri handiago batean bizitzeagatik aldatuko! Komunitatean bizi gara hemen!"