Ostiral honetan egingo da Peñalbara gaueko txangoa, Artziniegako frontoitik hasita. Bi urte pasa dira azkenengo igoera burutu zenetik. Iaz ezinezkoa izan zen COVID-19aren ondorioz, eta 2019an eguraldi txarrak oztopatu zuen. Ganzorrotz Mendizale Taldeak aurten antolatuko duen lehen irteera izango da ostiralekoa. Izan ere, taldeak bere jarduna eten egin behar izan zuen pandemia dela medio.
19:30ean hasiko da ekimena, eta menditik gauez ibiltzea izango da helburu nagusia. Horretarako lagungarria izango litzateke, joatekotan, linterna edo frontala eramatea, mendizale taldeak zehaztu duenez. Mendizaleak gailurrean bilduko dira, ibilbidearen erdia pasata, eta talde argazkia egin ondoren itzuliko dira herrira.
Zailtasun txikiko ibilbide zirkularra izango da. Guztira 11,2 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek, 500 metroko desnibelarekin. Iraupena bi ordu eta erdi eta hiru ordu eta erdi artekoa izango da. Gauzak hala, espero da gaueko hamarretatik hamaiketara aldera bukatzea.
Aurtengo nobedadeei dagokienez, hurrengoa azaldu du Andoni Ramirezek, Ganzorrotzeko presidenteak: “Egia esanda, ez dago nobedaderik. Bi urte egin gabe egon ondoren, nahikoa izan dugu gaueko txangoa berreskuratzearekin”.
Antolakuntzari dagokionez, nahiko sinplea da. “Beti bezala, herriko frontoian elkartuko gara eta mendian gora joango gara, denok elkarrekin, polikiago joaten direnen erritmoa jarraituz. Ibilbidea nahiko ezaguna da”, kontatu du Ramirezek. Ez da beharrezkoa janari edo edaririk eramatea, baina gomendagarria da.