Triziklo elektriko bat izango du Artziniegako udal-brigadak. Ibilgailu horren erosketa esleitu du tokiko erakundeak, 5.505 euro baliatuta. Eusko Jaurlaritzak 3.600 euro jarri ditu, garapen jasangarria sustatzeko. “Ibilgailu horrek erraztu egingo du brigadako langileak hainbat lanetara hurbiltzea, hala nola paperontziak jasotzera joatea edo garbiketa-lanak egitea”, azaldu du udalak.
Edukiontzien kokapenaren aldaketa
Horrez gain, beste erabaki baten berri ere eman du tokiko erakundeak: La Encina egoitzaren aurreko espaloian dauden olioa eta arropa biltzeko edukiontziak birkokatuko dituzte. Axpe urbanizazioaren ondoko edukiontzi-multzora eramango dituzte, Hiriko Atearen ingurua hobetzeko obrak gauzatzeko tokia egiteko. Arenazako edukiontziak ere birkokatuko dituzte, “Saratxagureneko aldaparen asfaltatze eta hobekuntza aprobetxatuz”.