Sakatu Elektrotxarangak Garai Plazan eman zion hasiera Artziniegako Udalak eta Jai Batzordeak antolatutako egitarau kulturalari. Eguraldia lagun, giro atsegina nagusitu zen herrian, eta zenbait auzokidek jaietako ohiko praka koloretsuak jantzi zituzten egunaz gozatzeko.
Bien bitartean, La Encina Jatetxean, igel toka txapelketa antolatu zuen Naniano Naniano elkarteak. Lehia bizia izan zen azken unera arte. Txapelketan bildutako dirua Tubacexeko langileen erresistentzia kutxara bideratu zuten.
Iluntzean Hutsun-Ortzi taldeak aho bete hortz utzi zituen Toñi Luengas Frontoian elkartutako dozenaka ikusle, txalaparta eta akrobaziak uztartzen zituen ikuskizun batekin. Egunari amaiera emateko, Golden Covers taldea igo zen oholtzara.
Igandean Arabako Biraren 2. jardunaldian lehiatu ziren kadete mailako txirrindulariak eta Aiarako gazteek lehenengo postua eskuratu zuten taldekako sailkapenean. Arteko Amaren santutegian, ordea, urteroko enkantea berreskuratu zuten berriro ere.