Artziniegako Udalak dagoeneko ireki du 2021-2022 ikasturtean udalerrian bertan euskara ikasteko taldeak sortzeko deialdia. Irailaren 28an bukatuko da bertan parte hartzeko izen emateko epea.
C1era arte edozein mailatako taldeak sortuko dira ikastaroan, eta ikasturtean zehar gutxienez 165 ordu ematea aurreikusi da (5 astero, gutxi gorabehera). Hala ere, aztertuko da ordu gutxiagoko taldeak sortzeko aukera.
Izena eman nahi izatekotan, inskripzio fitxa bete beharko da, eta Artziniegako udaletxean entregatu irailaren 28a baino lehen. Epea itxi ondoren, Amurrioko AEK-k ikastaldeak sortzeko aukera aztertuko du, eta inskribatutako pertsonei dagokien informazioa emango zaie.
Udal beka
Ikasleek dagokien matrikula-kostua ordainduko diote AEK-ri ikasturte hasieran. Bukaeran, berriz, beka eskatzeko aukera egongo da, eta baldintzak beteta, matrikularen %50a arte itzuli ahalko zaie.
Informazio gehiago Aiarako Kuadrillaren Euskara Zerbitzuan: 945 399 122 / cayala.alberto@ayto.araba.eus.