Ekainetik udal osoko bilkurarik gabe egon ostean, Artziniegako udalbatzak urriko hizordua hartu zuen eta hainbat gai jorratu ziren. Ostegunean EAJk prentsa oharra zabaldu zuen bileran izandako jarduera azaltzeko.
Besteak beste, jeltzaleek ordezko mozioa aurkeztu zuten Laudioko udal hiltegiari dagokienez, eta zenbait gaitan abstenitu izana argudiatu zuten. Horrez gain, euren kezkak azaldu zituzten herriko jaiei edota Urbiden -Arabako ur partzuergoa- sartzeko erabakiari buruz.
Edonola ere, testuaren parterik handiena udalerriko etxolen ingurukoa zen. Izan ere, EAJk leporatu zion EH Bilduri modu ezberdinean tratatzea egoera berean dauden etxolak eta udal gobernu taldeari egotzi zioten, hain zuzen, herritar batzuk zigortzea eta beste batzuk ez: “Badirudi lehen mailako auzotarrak eta bigarren mailako auzotarrak daudela gure udalerrian, pertsona batzuek lizentziarik gabe hasten dituztelako jarduera horiek, eta ez dutelako isunik jasotzen, eta beste batzuek baldintza berberetan egiten dute, baina isuna jartzen zaie”.
EH Bilduren haserrea
Gauzak horrela, udal gobernu taldeak ere testua plazaratu zuen atzo, EAJri leporatuta gezurrak esatea.Koalizioaren hitzetan "EH Bildurekin, inoiz baino gehiago eskatzen ari dira etxolak egiteko lizentziak, araudia betetzen da eta jende gehienak badaki, serio hartzea erabaki dugulako".
Horrez gain, EH Bilduk ziurtatu du ez dutela inor salatu: "PNV gezurretan ari da, legegintzaldi honetan ez delako isun bakar bat ere jarri (legealdi hasieran eta ebazpen judizial baten ondoren ezarritakoaz harago). Are gehiago, orain arte Udalak ez du zehapen-espedienterik ireki".
Halaber, koalizioak aurpegiratu dio EAJri hainbat urtez udalerrian gobernatzea eta ezer ez egitea etxolen egoera arautzeko. Zentzu horretan, EH Bilduk ziurtatu du hurrengo urtean ordenantza berria onartuko dutela etxolei lotutako baldintzak eta betebeharrak zehazteko: "Ordenantza honek ordenatu egingo du, hain zuzen ere, urteetan, hamarkadetan, benetako kontrolik eza izan den arauketa. Ordenantza honek markatuko du zer egin daitekeen eta zer ezin daitekeen egin, zer egin behar den eta zer ez, eta mundu guztiak jakin dezala lizentzia eskatu aurretik, edo jakin ditzala ondorioak lizentziarik eskatu gabe egiten hasten bada".