UNAI YARRITU

“Aldaketa handia izan da herri txiki batetik hiri batean bizitzera pasatzea”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 2a, 16:30

Italian ikasten ari da Unai Yarritu artziniegarra. / Aiaraldea.eus

UNAI YARRITU (Artziniega, 2001) Italiako Padova hirian ari da unibertsitateko ikasketak burutzen. Artziniega bezalako herri txiki batetik Italiako hiri handi batera egindako jauziaz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Zerk eraman zaitu Italiara?

Orain dela urte bat, Bilboko unibertsitateak Erasmus + proiektuan parte hartzeko aukera eman zidan. Lehenengo momentutik baietz esan nuen gehiegi pentsatu gabe eta behin plaza onartuta, Italiako iparraldera (Padova) joatea aukeratu nuen.  Irailaren 26an heldu nintzen italiara, eskolak hasi baino bi aste lehenago.

Nolako hiria da Padova?

Italiako iparraldean nago, konkretuki Padovan. Hiri honen abantailak bere kokapena eta edertasuna dira. Venezia eta Veronaren artean dago. Aldi berean, ez da Italiako hiri ezagunena, baina esan dezaket oso polita dela. Batez ere, beste Italiako hiriengandik bereizten duena bere lasaitasuna da. 

Zure lehenengo aldia da atzerrian bizitzen?

Bai, nire lehenengo aldia da beste herrialde batean bizitzen. Hasiera batean, beldur pixka bat ematen zidan etxetik kanpora joateak bost hilabeterako. Baina betidanik izan da nire ametsa Erasmus programabatean parte hartzea eta oso pozik nago amets hau, errealitate bihurtu ahal izan dudalako.

Nolakoa da zure egunerokotasuna bertan?

Nire egunerokotasuna aldatu egin da Artziniegakoarekin alderatuz gero. Goizak gutxi gorabehera berdinak dira, unibertsitatera noa ikastera eta etxera bueltatzen naiz jatera. Baina arratsalde eta gau guztietan plan desberdinak egiten ditugu lagunekin batera. Aldaketa handia izan da herri txiki batetik hiri batean bizitzen pasatzea.

Euskal Herriarekin alderatuz, zeintzuk dira ikusi dituzun desberdintasunik nagusienak?

Bizi kalitatea eta pentsaera dira desberdintasun nagusiak. Euskal Herrian pentsamendu irekiago bat daukagu italiarrekin konparatuta. Eta bizi kalitateari dagokionez, ohikoa den janaria ez da oso osasungarria eta osasun zerbitzu publikoak ezin dira konparatu. Euskal Herrian zerbitzu publikoa askoz aurreratuago dago.

Italiako iparraldean egon arren, gizartea nahiko matxista da. Aiaraldean azken urteetan gai honi buruz egindako aurrerapen guztiak, Padovan ez dira islatzen. 

Besterik? Anekdota aipagarririk?

Esan beharra dago, lehengo astea oso gogorra izan zela hemen. Euskal Herritik lau gazte etorri ginen eta momentu honetan, bi bakarrik geratzen gara. Lehenengo momentutik, pisu bat alokatzeko zailtasun handiak izan ditugu eta horrek, psikologikoki nahiko eragin digu. Aste horretan zehar, momentu askotan pentsatu nuen ezinezkoa izango zela hemen geratzea. Inmobiliaria guztietan esaten ziguten ez zeukatela ezer guretzat, gazteak eta atzerritarrak izateagatik. Hala ere, beste askok ez bezala, bi pertsonentzako alokairu bat lortu dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide