Tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin eta Artziniegan bizi eta erosi kanpaina jarri du abian udalak, herriko hirugarren sektoreari bultzada emateko helburuarekin. Azaroaren 22tik abenduaren 22ra luzatuko da egitasmoa. Kanpainan parte hartzen duten 17 komertzioetako batean 10 euro baino gehiago gastatzen den aldiro, parte hartzaileek txartela eskuratuko dute, abenduaren 28an egingo den zozketa batean sartzeko. Udalak 250 euroko 2 sari eta 100 euroko 15 sari banatuko ditu guztira, herriko komertzioetan gastatzeko.
Udalak eta merkatariek elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta urrian eginiko merkataritza sarearen bilera ireki batean adostu zuten, azaldu dutenez. "Kanpainaren bitartez, Artziniegako Udalak, iazko momentu txarrenetan zaindu gintuen tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten duten pertsonak saritu nahi ditu, Artziniegan erosiz eta herriari bizitza emanez" adierazi dute tokiko erakundetik.
