Buztingintza eta zeramika izango dira jaiotzen erakusketako protagonistak Santxotena Museoan

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 30a, 07:00

Ateak zabaldu ditu Jaiotzen Erakusketaren XXIII. edizioak Santxotena Museoan, eta urtarrilaren 30era arte bisitatu ahalko da. Munduko hamaika herrialdetatik etorritako piezak bildu dituzte Artziniegan. Aurtengo edizioan zeramika eta buztingintza izango dituzte ardatz.

Munduko jaiotzen erakusketaren edizio berri bat prestatu dute Artziniegako Santxotena museoan. Piezei azken ukituak ematen aurkitu dugu Teresa Lafragua, erakusketako zuzendaria. Iazko etenaldiaren ostean, pozez hartu du museoko aretoa atondu eta jaiotza guztiak kokatzeko lana.

Hilabete luzez aritu dira lanean Santxotena museoan erakusketa prestatzeko. Aurten, gainera, erakusketa beraren egitura ere moldatu dute, jende pilaketak ekiditeko helburuarekin. "Aurreko edizioetan herrialde bakoitzak txoko bat zeukan, eta herrialde batzuk zokoratuta geratzen ziren. Aurten apalen antolaketa moldatu dugu, bisitariari espazio zabalago bat eskaintzeko" azaldu digu Lafraguak.

Buztina ardatz

Aurtengo edizioak buztingintza eta zeramika omendu nahi izan ditu. Azken urtean buztinez egindako hainbat jaiotza eskuratu ditu museoak, eta aurretik zituen buztinezko eta zeramikazko zenbait piezei kokapen nabarmendua eman zaie. "Buztingintza eta zeramika artisautza teknika desberdinak dira, eta azoketan trataera desberdina ematen zaie. Nik, ordea, elkartu nahi izan ditut, biek elementu komun bat dutelako: buztina" adierazi du museoko arduradunak.

Buztinez egindako piezen artean, eltzegintzan erabilitako teknikekin egindako jaiotzek edota "Guernica" koadroaren elementuak erreproduzitzen dituzten jaiotzak aurkitzen dira. "Obra asko, espreski eginda daude gure jaiotzen erakusketarako. Denbora asko egon gara artisau zehatz batzuen piezak eskuratu nahian" azpimarratu du Teresa Lafraguak.

Bi mila jaiotza

Guztira munduko bost kontinenteetako 2.273 jaiotza daude ikusgai Santxotena museoan. Horien artean 123 guztiz berriak dira, erakusketan inoiz egon ez direnak. 

Larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 18:30etara eta igandetan 11:00etatik 13:00etara egongo dira ikusgai jaiotzak, datorren urtarrilaren 30era arte. Erakusketaren XXIII. edizioa da hau, eta honezkero XXV. ediziora begira dago Teresa Lafragua, jaiotza berrien bila. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide