Artziniegak badu zerbait -edo asko- berezitik. Alde Zahar esanguratsua izateaz gain, alde berrietatik begiratzen dio herriari. Horren adibide dira elkarlanean antolatzen dituzten ekimen andana (Artziniegako Museoa, txarriboda, Antzinako Azoka eta beste).
Bizilagun baten ideia izan zen Artziniegan herri mailako "Lagun ezkutua" antolatzea
Iaz, herritar batek proposatu zuen udalerrian "lagun ezkutua" dinamika egitea, eta horrela heldu zioten lehenbiziko edizioari. Baldintza bakarra dago: oparia eskuz egina edo herrian bertan erosia izan behar da. Modu horretan nahi dute tokiko harremanak zein merkataritza bultzatzea. Froga gisa, erosketaren txartela aurkezten dute oparia uzterako orduan.
Bigarren edizioa
Lehenbiziko edizioaren erantzun onaren ostean, jarduera errepikatzea erabaki dute. Hain zuzen, atzo izan zen opari banaketa, Toñin Luengas frontoian. Partaideek 16:30etik 18:30era utzi behar izan zituzten bertan euren opariak, eta 19:00etatik 21:00etara igaro behar izan ziren eurenaren bila.
Anekdotak ere izan ziren. Esaterako, antigeno proba bat oparitu zioten bati, antolatzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez. "Herrian eros daitekeen barietate handia egon da, hestebeteen fabrikako produktuetatik poltsa, belarritako, liburu, txano, tapaki eta antigeno probetara". Orijinaltasunik ez zaio falta ekimenari, "herrian praktikoak gara".