2022rako aurrekontuak onartu zituzten astelehenean, Artziniegako urteko lehen Udal Osoko Bilkuran. Guztira 2.072.148 euroko aurrekontua izango du udalerriak, baina tokiko erakundeak diru-sarrera gehiago lortzea espero du beste administrazio batzuetatik; Europako funtsetatik etor daitezkeen diru partidak, besteak beste.
Oposizioko udal-taldeek, EAJk eta Alderdi Popularrak, udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren aurka egin zuten. Ondorioz, aldeko bost botorekin eta aurkako beste hirurekin atera da aurrera 2022ko plangintza ekonomikoa.
Hotel-dorrea eraberritzeko lanak amaitzea, Kultur Etxea berritzeko lanak hastea, Mendietako La Llana bidea egokitzea edo Beraza aldapatik Goiko Plazara iristeko bidea hobetzea dira zerrendatu dituzten inbertsio nagusiak.
Inbertsio nagusiak
Onartutako aurrekontuetan honako proiektu hauek sartu dituzte: hotel-dorrea eraberritzeko lanak amaitzea, Kultur Etxea berritzeko lanak hastea, Mendietako La Llana bidea egokitzea edo Beraza aldapatik Goiko Plazara iristeko bidea hobetzea dira, besteak beste. Arteko Gure Ama santutegiaren alboko zelaiko bigarren komuna eta bertako tabernako estalkia konpontzea ere aurreikusi dute.
2022an garatzeko proiektuen artean daude ere udalerriko eraikinetan eguzki-plakak jartzeko bideragarritasun azterketa egitea, baita Erretes Tuterako ermitan konponketekin hasteko aukera aztertzea ere. Gainera, Barcenako kirol-eremuan skate-pista eraikiko duela iragarri du udalak, baita Arteko Gure Ama ikastetxeko jolastokia berrituko duela ere.
2022ko mugarriak
Inbertsioez gain, hainbat arlotako diru-partidak handituko dituela adierazi du Joseba Vivancoren Udal Gobernuak, 2022an udalerrian aurreikusten diren jarduera eta ekintzei lotuta. Horien artean, hiribilduaren 750. urteurrena ospatzeko edota antzinako merkatua berriro ere antolatzeko diru-partida dago, eta merkataritza eta turismo-sustapenerako ekintzak ere indartuko dituzte.
Euskara arloak ere diru-partida handiagoa jasoko du, aurtengo udazkenean ospatzekoa den Euskaraldiaren 3. edizioa dela eta. Zentzu berean, Berdintasun sailak ere handituko du bere aurrekontua, iaz lehendabizikoz ospatutako Egun Feminista errepikatzeko asmoz. Gizarte-zerbitzuen arloan, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko partida berezia jasotzen dute kontuek.
Joseba Vivancok azaldu duenez, ekarpenak jasotzeko bilerak antolatu dira udalerriko herri eta auzoetan. “Ideiak eta ikuspegiak trukatu ditugu, merkataritza eta ostalaritza sektoreekin bilerak egin ditugu, eta bilera horietan proposamenak eta ideiak jaso ditugu, jendearen beharrak, Artziniega hobea lortzeko, azken finean. Etorkizunean gauzatzen saiatuko gara, udalaren aukera ekonomikoen arabera betiere” adierazi du Vivancok.