JOSEBA VIVANCO RETES

“Ezinbestekoa deritzogu herritarren akuilua”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 12a, 07:00

Joseba Vivanco Retes bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

JOSEBA VIVANCO RETES Artziniegako alkateak baikor azaldu da 2022ra begira. Artziniegak 750 urte beteko ditu hiribildu izendatu zutenetik. Azken bi urte gorabeheratsu hauek atzean uzteko ospakizuna izan daiteke urtemuga.

Gorabehera handiko urtea izan da 2021a, Artziniegako Udalean ere horrela izan da?

Urte zail eta gogorra izan da, zalantzarik gabe. Legegintzaldiaren erdia igaro dugu, denbora oso azkar pasatzen da, eta egin nahiko genituzkeen gauzak egiteko tarte gutxi daukagu.

Uste dut udaletik oso ondo erantzun diogula COVID-19ak sortutako egoerari; bai etxealdiko lehenengo hilabeteetan, baita gauzak bere horretara bueltatzen joan diren ondorengo hilabeteetan ere. 

Zuhur jokatu dugu beti, eta uko egin diogu publizitateari eta demagogiari. Herritarrek eskertu egin dute gure jarrera, nik uste.

Foru Planeko hiru obra handi zenituzten mahaigainean legegintzaldiaren hasieran.

Pandemiak asko atzeratu du udal jarduna, baina egia da ez diogula gauzak egiteari utzi. Esan bezala, inbertsio handia suposatzen zuten Foru Planeko hiru obrekin hasi genuen gure ibilbidea: Udal igeritokien berritzea bata, eta ur-hornidura sarea eguneratzea beste biak. 

Hasi berritan 600.000-700.000 euroko inbertsioekin aurkitzea ez da erraza, baina legegintzaldiaren ekuatorea gurutzatu dugun honetan esan dezakegu horietako bi amaituta ditugula honezkero, eta hirugarrena urtea amaitzearekin batera itxiko dugu.

"2022ak bi urtez geldirik egon diren ekintza garrantzitsuen itzulera suposatuko du Artziniegan"

Baina, bestelako lanak ere egin dituzue herrian, ezta?

Bai, ez diogu utzi herrian hobekuntzak eta obra txikiagoak egiteari. Horien artean abeltzaintzara eta nekazaritzara zuzendutako udal-lursailen ordenamendua egitea zegoen. Gai arantzatsua izan da hori kudeatzea, baina lortu dugu.

Arteko Gure Amaren santutegiaren ondoko tabernaren irekiera ere lortu dugu, herritarrek asko baloratu dute. Bestelako obrei ere bide eman diegu, hala nola kolektorea eraikitzeko lanei. Eusko Jaurlaritzaren eskumena da eta hainbat bilera egin ditugu hori bideratzeko

Nola baloratzen duzue herritarren parte-hartzea?

Ezinbestekoa deritzogu herritarren akuilua. Baina, egia da jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaiola ekimenetara hurbiltzea. Bakoitzak bere kontuak ditu, eta Artziniegaren egunerokoa udalaren esku uzten du. 

Administrazioaren erritmoek askotan zaildu egiten dute proiektuen garapena. Herritarrek ez dute zertan jakin behar nola funtzionatzen duen administrazioak barrutik, baina dinosauro bat da.

Gu, ordea, horrekin apurtzeko anbizioarekin sartu ginen udaletxera, herritarrak Artziniegaren motor bilakatzera. 

Oraindik ez dugu %100ean asmatu, eta lan asko dugu egiteke parte-hartze erreal bat sustatzeko: auzoak gehiago bisitatu behar ditugu, foro berriak sortu behar ditugu... Herriari zor diogu gure lana, eta hori lantzen jarraituko dugu. Udan, esaterako, deialdi irekia egin genuen frontoian, orain arte egindako lana, eta egin gabe utzitakoa, herritarrekin elkarbanatu eta hauen iritzi eta kritikak jasotzeko. 

Ezinbestekoa da hainbat alorrei lotutako egitasmoak herritarrengandik sortzea, izan euskara arloan, kirol arloan, merkataritzan edota feminismoan, esaterako. Udalak herritarren egitasmoak egikaritzeko tresna behar du izan.

"Lan asko dugu egiteke parte-hartze erreal bat sustatzeko"

Aurten  hiribilduaren 750. urteurrena ospatuko duzue. Erronka handia izango da?

Hiribilduaren 750. urteurrenean herritarren parte-hartzea izango da funtsezkoena. Orain, hainbat batzordeetan ari gara lanean ospakizunei forma emateko helburuarekin. Dagoeneko proposamen ugari jaso ditugu herriko elkarte eta eragileen aldetik, pozik gaude urteurrena izaten ari den harrerarekin.

Jardueren egutegia osatzen ari gara orain. Hainbat antzerki obra, konferentzia, eta bi libururen aurkezpenak ditugu lotuta. 

Horrez gain, 2022ak bi urtez geldirik egon diren ekintza garrantzitsuen itzulera suposatuko du Artziniegan: Karpy bizikleta klasikoen ibilaldia, Ganzorrotzen mendi martxa, herriko jaiak, Erdi Aroko merkatua... Guzti hauei proiekzio berezitua eman nahi diegu, urteurrenari hertsiki lotutako jardueraz gain, ekintzaz jositako urte oso bat izan dezagun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide