Artziniegako katastroko balioek %10,48 egin dute behera bataz beste, Arabako Ogasunak egindako balioztapen txosten berriaren ondorioz. Lurzoruaren prezioak nabarmen egin du behera udalerrian, eta horregatik eman da jaitsiera eraikinen balioan, eraikuntza prezioek gora egin duten arren. Hala azaldu Aldundiak.
Erakundeak aurreratu duenez, balio horiek 2023an jarriko dira indarrean. Dena den, balio murrizketa horrek ez du nahitaez Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren jaitsiera ekarriko. Azken prezioa udalak ezarriko duen tasaren araberakoa izango da. “Foru Ogasunak jabe bakoitzari jakinaraziko dizkio posta bidez bere ondasun higiezinen katastro balio berriak”, jakinarazi du Aldundiak, “halaber, foru bulegoetara etorrita ere jakinaraziko zaizkie, posta bidez egitea ezinezkoa izanez gero”.
582 eraikin Artziniegan
Eustatek 2020an egindako zenbaketaren arabera, 582 eraikin daude Artziniegan guztira, 2010ean baino 42 gehiago. Horietako 461k etxebizitza funtzioa betetzen dute, 76k lokal funtzioa eta 45k, aldiz, biak.