Duela gutxi sari berria jaso duzue, ez da horrela?
Bai, Bangladeshen. Hango zinema jaialdi independente batek eman digu zientzia-fikziozko lan onenaren saria. Orain arte filmak ibilbide bitxia egin du. Izan ere, pelikula independentea da eta ahal izan dugun moduan egin dugu 7 urtetan.
Behin amaituta, gure kabuz hasi ginen bidaltzen jaialdietara, baina horrek ahalegin handia eskatzen zuen. Modu horretan zortzi jaialditan parte hartu genuen eta amore ematear geundela, banatzaile txiletar bat ezagutu nuen azoka batean.
Handik aurrera eurek banatu dute eta harrera askoz hobea izan du. Bere garaian aipatu zidaten sariak eskuratzea errazagoa dela banatzaile baten eskutik, eta zenbait aitortza lortu ditugu euren bidez. Oso pozik gaude.
Zer kontatu diezagukezu filmeari buruz, “spoilerrik” egin gabe?
Pelikula luzea da, 95 minutu ingurukoa. Istorioa apur bat harrigarria eta konplexua da, baina, finean, gizartetik alboratuta bizi diren bi lagun dira protagonistak. Apur bat frikiak dira eta, zehazki, ufologia gogoko dute. Gainera, Artziniegan bizi dira eta pertsonaia horiek konturatzen dira estralurtarren inbasioa dagoela abian. Hain zuzen, inbasioa Artziniegan hasiko da.
Ondorioz, eurak saiatuko dira hori ekiditen, baina inork ez ditu sinisten eta espazio ontzi bat helduko da herrira. Horrez gain, badago beste pertsonaia arrotz eta susmagarri bat herrian.
Generoaren aldetik, thrillera da, baina umoretsua. Aipatu behar dut badagoela beste protagonista bat zeinak esaten duen profezia bat dagoela eta estralurtarrek zibilizazio berria sortu nahi dutela… Nahiko bitxia da dena eta etorkizunarekin ere nahasten da. Kontakizun konplexua da, istorioak batzen baitira.
"Filmaren protagonistak pertsonaia apur bat frikiak dira. Ufologia dute gogoko eta konturatzen dira inbasio estralurtarra hasiko dela Artziniegan"
Edonola ere, nik uste interesgarriena dela bi pertsonaien ahalegina, inbasioa gerta ez dadin.
Proiektu independentea izanik, inbertsio handirik gabe egin duzue. Nola islatu duzue aipatutako guztia?
Efektu bereziak ditu, ez pentsa! Zentzu horretan, ez genuen atzera egin. Diru gastua txikia izan da, guk jarri dugulako azpiegitura tekniko guztia: lagunek utzi dizkigute, ekoizpen etxeak dituztelako, beste batzuek laga dizkigute kokapenak grabatzeko…
Zazpi urtetan, azkenean, dirua gastatzen da, baina txikia da kopurua. Jendeak uste du bitarteko ekonomikorik gabe ezin dela pelikularik egin, baina, nire aburuz, gaur egun hori ez da muga.
Kalitate bikaineko filmak daude sakelakoarekin grabatu direnak. Irudiaren kalitate ona gure eskura dago, zailagoa da, agian, soinua grabatzea, baina lor daiteke.
Filmea egiteko behar dena hau da: istorioa, parte hartu nahi duten lagunak eta antzezleak eta, gehienbat, gogoak. Izan ere, amore emateko gogoak agertzen dira maiz, arazoak gertatzen baitira. Esaterako, antzezleek euren lanak eta ardurak dauzkate eta beti egon behar izan gara tarteak bilatzen. Hori koordinatzea oso nekagarria eta zaila da.
Zein neurrian da Artziniega bera beste pertsonaia bat?
Artziniega da pelikularen funtsezko osagaia. Nik filma maite dut, besteak beste, Artziniegan dagoelako girotuta. Artziniega aipatzen da, ez da fikziozko tokia. Hemen bizi izan naiz beti eta agertzen den jendea, oro har, herrikoa da. Oso polita da ezagunak dituzun lekuak ikustea, herriko jendea… Parte hartu dugunon arteko harremana izan da gauzarik bereziena. Nabaritzen da nire herriak maitemintzen nauela eta horregatik da protagonistetako bat.
Bide batez, gogoratu nahi dut Juanjo Cajigas. Bera antzezlea izan zen filmean eta zendu da. Bere parte hartzerik gabe ez genukeen izango filmerik.
Esparru bitxia hautatu duzu gidoia idazteko; ufologia, misterioa… Mezu ezkutua dauka pelikulak?
Bai, apur bat. Sakontasunera jotzen badugu, badauka mezua. Lerrokatzen da utopien alde, amesten duen jendearen alde, nahiz eta baztertuak bizi. Zientzia-fikzioak dena inguratzen badu ere, ukitu nostalgikoa dute pertsonaiek, bete ezin duten ametsa jarraitzen baitute. Zentzu horretan, pelikulak ematen die nahi dutena, baina agian euren ametsak ez du nahi zuten itxura. Hala ere, bizitzen dute euren abentura.
"Nazioarteko jaialditan zenbait aitorpen lortu ditugu. Alde batetik, Bangladeshen irabazitako saria dago, baina ilusio berezia egin zigun Los Angeleseko Zinema Independentekoak"
Horrez gain, zenbait sinismen lantzen ditu filmak, ez direnak guztiz arrazoizkoak eta jendea akatsak egitera eramaten dutenak. Horrekin jolasten du pelikulak. Badauka alde mistiko edo erlijiosoa eta zalantzan jartzen du, modu batean edo bestean.
Zenbat sari jaso dituzue jadanik?
Ilusio berezia egin zigun Los Angeleseko Zinema Independenteko saria jasotzeak. Zilarrezko saria lortu genuen. Rotterdamen ere filme onenaren aitorpena guretzat izan zen. Hego Korean ere hautatu gintuzten, finalerdietan egon ginen Kanadan, hautatu gaituzte Ohion, Belgradon, New Jerseyn, Indian, Errusian (Kalugan, espazio-base batean egiten den zientzia-fikziozko jaialdian, oso bitxia da), Alemanian, Italian…
Zure harremana luzea izan da zinemarekin, dena den.
Nik betidanik izan ditut gogoko pelikulak. Amurrioko Zaraobe Institutuan nengoenean VHS kamarak hartzeko aukera nuen. Uzten ziguten Artziniegara ekartzen eta gure pelikulak egiten hasi ginen. Nagusiagoa nintzenean lortu nuen kamara txiki bat oparitzea eta horrekin jarraitu nuen.
Gero Arte Ederrak ikasi nituen eta ikus-entzunezkoetan zentratu nintzen. Horren ostean, zinema zuzendaritzako masterra egin nuen Bartzelonan eta zenbait telebistan lan egin nituen: Burgosen, Gasteizen… Horrela trebatu nintzen.
Hala ere, etsipenera eraman zaitzake zinemak, ikusten baituzu mundu horretan sartzea oso zaila dela eta zenbait mugarri bete behar dituzula: jendea ezagutu, jarduera soziala izan…
Edonola ere, Bartzelonan nengoenean DLSR kamarak agertu ziren eta guztiok geratu ginen liluratuta. Zinemaren antzeko kalitatea zuten eta pentsatu nuen: “Irudia lortzeko aukera badaukat, ekoizteko tresnak baditut -ordenagailuak- eta audioa ere grabatzeko parada izanez gero, nire kabuz egingo dut pelikula, kanona jarraitu gabe”.
Jakin izan banu zenbat lan zen, agian atzera egingo nukeen, baina behin hasita, mendi handi bat igotzea bezalakoa da, ez duzu bidea eten nahi ibilbide erdian. Burugogorra izan naiz, baina talde osoari eman behar dizkiot eskerrak, eurek eman baitzuten bultzada. Inork ez zuen kale egin eta pelikula amaitu genuen.
Horri gehitu behar zaio grabatzen genuen bitartean hasi nintzela lanean Euskal Herriko Zinema Eskolan, Bilbon. Ondorioz, eskolako zenbait tresna eskuratu ahal izan genituen. Horrek ekarri zuen filmea oztopatzen zuten arazo batzuk erditik kentzea.
Berez, zinemari buruzko klaseak ematen jarraitzen dut.
Zein da zure hurrengo helburua zineman?
Etorkizunean beste film bat egin nahi dut, baina ez nago horretan zentratua orain. Lehenik eta behin, Las noches que mirábamos al cielo pelikularen aroa amaitu behar da. Laster agortuko da.
Hortik aurrera, beste gidoi bat idatzi nahi dut, baina istorio interesgarria garatu nahi dut. Hori da abiapuntua.
Nire ustez, itxiera polita izango litzateke pelikula Filmin edo horrelako plataforma batean eskaintzea. Zinema arruntetan proiektatzea ia ezinezkoa da. Filmin perfektua litzateke, kutsu independentea baitauka.