Atzo sinatu zuen Artziniegako Udalak alokairu kontratua Arteko landako taberna kudeatuko duen pertsonarekin. Joseba Vivanco pozik azaldu da esleipenarekin, “legealdi honetako helburuetako bat” zelako. “Urte asko zeramatzan tabernak itxita. 2021ean ireki genuen hilabete batzuetan eta, izan zuen arrakasta ikusirik, beste bi urtez esleitzea erabaki dugu”, azaldu du alkateak.
Obrak zelaiko azpiegituretan
Vivancok gogorarazi du abenduan amaitu zituztela zelaian dagoen bi komunetako bat berritzeko obrak. Irisgarritasuna ere hobetu zuten, bertan zegoen eskaloia kenduta.
Orain, aldiz, beste komuna atondu nahi dute, tabernako sabaiarekin batera. Argiteria jarri nahi dute establezimenduaren kanpoaldean. Epemuga ere zehaztu dute: uda baino lehen amaitu nahi dituzte lan guztiak.
Horrez gain, panel batzuk ere jarriko dituzte, zelaian dauden zuhaitzei buruzko informazioarekin. “Jarduera guzti hauekin balioan jarri nahi dugu gune pribilegiatu hau, Artziniegako bizilagunei zein bisitariei begira”, zehaztu du alkateak.