"Albiste onekin gatoz: bueltan da Artziniega mendi ibilaldia". Hala adierazi dute Ganzorrotz mendi taldekoek sare sozialetan. Martxoaren 6an izango da herriko mendi ekimena, eta ohi gisa, 2 ibilbide prestatu dituzte: laburra eta luzea. "Aurtengoa oso urte berezia da guretzat; izan ere, Ganzorrotz MKErentzat benetan garrantzitsua den ekitaldi hau berreskuratzeaz gain, Artziniegarentzat ere 2022. urtea berezia da, hiribilduaren 750. urteurrena ospatzen delako, hain zuzen ere. Jardueraz eta ekitaldiz betetako urtea izango da", erantsi dute.
Yarri memoriala izendatu dute jarduera, eta hamabigarren edizioa izango du aurtengoa. Zeharkaldi motzak 9 kilometro izango ditu, eta honakoa izango da ibilbidea:
Ibilbide luzea, berriz, 23,92 kilometrokoa izango da. Partaideak 8:00etan abiatuko dira Artziniegako frontoitik Peñati, Otsati eta Ganzabala tontorrak zeharkatzeko:
Izen ematea eta ordutegiak
Ibilaldi luzea egitera doazenek 7:00etatik 7:45era eman ahalko dute izena Artziniegako frontoian, baina webgunearen bidez ere apuntatu ahalko da ekimenera, otsailak 28 bitarte.
Ibilaldi laburrera animatzen direnek, aldiz, 8:30etik 9:15era batzeko aukera izango dute; 9:30ean aterako baita mendizale taldea zirkuitua egin asmoz. Ganzorrotz mendi taldeko kideek adierazi dutenez, jatekoa eta edatekoa eskainiko dituzte zenbait puntutan.