Gaur goizean egin dute Artziniegako Etnografia Museoaren kudeaketa eta finantziazioari begirako akordioa sinatzeko ekitaldia, museoan bertan. Artea elkarteak, Artziniegako Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sinatu dute dokumentua. 4 urteko iraupena izango du akordioa, eta beste 4 urtez luzatu ahalko da.
Modu horretan, azpiegituraren bideragarritasuna bermatu nahi izan dute alde guztiek. Udalak bere gain hartuko du irekiera eta arreta zerbitzuaren kudeaketa, lan hori enpresa bati esleituz. Kontratazio publiko horretan kalitatea hartuko dute aintzat prezioa baino gehiago, eta prezio publikoak ezarriko dira. Era berean, tokiko erakundearen esku geratuko da eraikinaren eta barruko piezen garbiketa eta mantenua.
Artea etnografia elkartearena da museoan dagoen bilduma, eta udalaren esku utziko du bere erabilera, "batera kudeatu eta ustiatzeko".
Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, 55.000 euroko diru-laguntza emango du akordioa indarrean dagoen bitartean. Era berean, jarraipen batzorde bat eratuko dute, hitzarmena betetzen dela bermatzeko.