Nerea Loroñok sortu du Aroundnet Aiaraldea taldea, Artziniegan. Spikeball edo Round izenez ere ezaguna da kirol praktika, eta borobil formako sare txiki bat erdian jarrita, pilota pasatzean datza. "Kirol ezezaguna da. Taldeka jokatzen da, binaka, biren kontra. Pilota elkarri pasatu behar diozu, gehienez 3 aldiz ikututa. Sare horizontal bat ukitu behar da, pilota beste taldeari pasatzeko", zehaztu du. 360 gradu ditu zelaiak, eta horrek bilakatzen du bizi.
"Kirol ezezaguna da. Taldeka jokatzen da, binaka, biren kontra. Pilota elkarri pasatu behar diozu, gehienez 3 aldiz ikututa. Sare horizontal bat ukitu behar da, pilota beste taldeari pasatzeko"
"Oso jarduera fisiko konpletoa da, sarea lurretik 10 zentimetrora dago, eta beraz, asko makurtu behar da, edota korrika egin", erantsi du. Dena den, lurzoruak ez du horrenbesteko garrantziarik: "Europan, lehiaketa ofizialak belar gainean egiten dira, baina edonon praktika daiteke: parkean, hondartzan, zelaian... Hori da bere alde ona, edonora eraman dezakezula sarea". Spikeball markak plazaratzen ditu sareak, eta uztaia eta 10 zentimotro inguruko pilota ere ematen dute. "Hasiera batean, niri, boleibolaren anaia txikia zela iruditzen zitzaidan; baina ez du zerikusirik, eta oso dibertigarria da". Arauak errazak izanik, edonori egokitutako ekintza da, azpimarratu duenez. Hargatik, Artziniegan taldea osatu dute, whatsapp bidez, nahi duenak elkartu eta partida bat antolatzeko aukera izan dezan: "Gauez ere jokatu liteke, badira argiztatutako pilotak ere, gainera".
Urrunetik datorkio zaletasuna Loroñori, Valentzian ikasi zuen, "eta harrapatu egin ninduen". Horrela egituratu zuen kluba Valentzian. Orain, baina, Artziniegara etorri da bizitzera, eta berarekin ekarri du ideia. Asmo bera du: jendeak kirol hau ezagutu eta gozatzea. "Hego Ameriketan zein Estatu Batuetan oso arrakastatsua da, eta geroz eta ezagunagoa da iparraldean ere", aipatu du. Talde irekiak sustatzen ditu, "nahi duen oro ongietorria izango da, edozein mailarekin".
"Izugarria litzateke, denbora igarota, Aiaraldeak Europako edo munduko txapelketa batean parte hartzea"
Espainiako Roundnet Federazioko kidea ere bada Loroño: "Izugarria litzateke, denbora igarota, Aiaraldeak Europako edo munduko txapelketa batean parte hartzea". Nazioarteko Roundnet txapelketan lehiatuko da Loroño Mallorcan (Balear irlak).
Erronkei begira, Aiaraldean kirol hori saretzea du helburu. Sare sozialak sortu ditu horretarako Roundnet Aiaraldea izenarekin topatu daiteke Instagramen. "Whatsapp taldetik zehazten ditugu partidak, baina inguruko herrietatik jendea sartu ahala, topaketak antolatuko ditugu edozein herritan jolasteko, inolako konpromisorik gabe. Taldea irekia da, eta ez duzu astero -edo maiztasun batekin- bertaratu beharrik. Arauak eta jolasten irakasten diegu datozenei". Erraz harrapatzen da dinamika, baina kirolak ere arin pizten du partaidearen jakinmina; aitortu duenez: "Artziniegan txapelketaren bat antolatzea gustatuko litzaidake".
Ez da Artziniegan sustatutako kirol praktika berri bakarra. Ramon Reyk Artzikirola izeneko jarduera sortu zuen, eta mundura hedatzen ari da, hainbat hitzarmenen bidez. Around kirolak, berriz, alderantzizko bidea egingo du: mundutik iritsi da Aiaraldera, mundu osoa dibertitzeko asmoz.