PAKI OFIZIALDEGI

“Akordioari esker museoa zabalik eta bizirik dago”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 2a, 07:30
Paki Ofizialdegi Artea Etnografia Elkarteko kidea da, eta museoaren kudeaketaz arduratzen da. / Aiaraldea.eus

PAKI OFIZIALDEGI (Artziniega, 1960) Artziniegako museoa kudeatzen duen Artea Etnografia Elkarteko kidea da. Urte korapilatsuen ostean museoaren etorkizuna bermatuko duen akordioa sinatu dute Udala eta Foru Aldundiarekin.

Artziniegako Museoak  bere etorkizuna bermatzeko akordioa sinatu berri du Udala eta Fou Aldundiarekin, zertan datza akordio hori?

Akordioa ekonomikoa da nagusiki. Izan ere, museoa kudeatzen duen Artea Etnografia Elkarteak ez du dirurik, irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta ezinezkoa zen proiektuaren bideragarritasuna bermatzea.

Museoarekin hasi ginenean Udalaren laguntza geneukan, baina denborarekin murriztuz joan da aurrekontua eta Foru Aldundiaren atzetik ibili behar izan gara, itota.

Ana del Val kultura diputatuak museoaren egoera zein zen ikusi zuenean indar guztiak jarri zituen  honen etorkizuna bermatze aldera, eta hiru aldeak (Udala, Foru Aldundia eta Artea Elkartea) bilerak egiten hasi ginen. Bilerek aurrera egin ahala espektatibak gutxituz joan dira  baina, gutxienez datozen lau urtetarako, eta baita zortzi urtetarako ere, museoarentzako ziurtasuna lortu dugu. Poztekoa da hori.

“Instituzioekin jarraituko dugu lanean zortzi urte barru hitzarmen aberatsago bat mahi gainean prest izateko”

Zein da akordioa sinatu duzuen  alde bakoitzaren konpromisoa museoaren etorkizunarekiko?

Arabako Foru Aldundiaren konpromiso handiena da, datozen lau-zortzi urteetan diru partida finko bat gordetzea Artziniegako Museora bideratzeko. Diru hori museoaren irekiera bermatzera egongo da bideratua.

Udalak, bere aldetik, eraikinaren mantenu lan guztiak asumituko ditu. Guk museoko bilduma lagatu diogu Udalari, honek erabili dezan. Ondorioz, bildumaren mantenua ere Artziniegako administrazioaren esku egongo da. Horrenbestez, Udalak aterako du museoa kudeatzeko zerbitzua, orain arte guk asumitu duguna.

Guzti horrek zama handia kenduko digu Artea Etnografia Elkarteko kideoi.

Aldaketa handia izango da hori  Artea Etnografia Elkartearentzat ezta?

Urtero diru kopuru bat ordaindu behar genuela jakiteak eta diru kopuru hori ez genuela ikusteak buruhasute asko ekarri dizkigu, oso gogorra izan da. Udaletik, Foru Aldunditik edota Jaurlaritzatik atera behar izan dugu diru hori, beti ibili gara berandu. Baina, noski, ordaindu ezean; nork zabalduko zukeen museoa?

Arriskua izugarria zen. Orain babes handia daukagu akordio berri honi esker. Orain lan etnografikoan zentratu gaitezke buru-belarri; hori da elkartearen xedea. Baita bilduma kontserbatzea ere.

“Herritarren artean eraikitako proiektua da Artziniegako museoa”

2019an hasi ziren orain erdietsi den akordioa negoziatzeko bilerak, nolakoa izan da prozesua?

2018 urte bukaeran eta 2019 urte hasieran museoak ateak itxi behar  izan zituen dirurik ez zegoelako. Herritar talde bat mobilizatzen hasi zen orduan. Mobilizazio horiek ez zituen Artea elkarteak sustatu, nahikoa geneukan museoaren itxierak zekarrena kudeatzen.

Herritar asko atera ziren kalera museoaren beharra aldarrikatzera, laguntza izugarria jaso genuen artziniegarren aldetik. Horri esker, nolabait, akordio bat lortu genuen Udalarekin, baina bertan adostutakoak gure kontra egin zuen azkenean.

2019ko udan Foru Aldundiko eta Udaleko hauteskundeen ostean, berriro eseri ginen, eta museoaren etorkizuna bermatzeko bilerak hasi genituen, hein handi batean Ana del Valek egindako lanari esker.

Prozesu luzea izan da, bilera asko egin ditugu, eta arazo juridiko askorekin egin dugu topo; gutxika Diputazioko zerbitzu juridikoek konpondu dituzten arazoak.

Akordioarekin ere gauza batzuk  bidean geratu dira, ezta?

Bai, badira galdu ditugun kontuak. Alde batetik, ez dakigu zer ordutegi izango duen museoak aurrerantzean, Arabako Foru Aldundiaren araudia zorrotzagoa da eta.

Giden lana eta garbiketa lana banatu egin dira. Ondorioz, enpresak diru gutxiago jasoko du, eta zailtasunak ekarriko ditu. Hala eta guztiz ere, proiektuak aurrera jarraitzen du. Hobe da hori galdu izana, museoa bere osotasunean baino.

Behin akordioa sinatuta, nola ikusten duzu museoaren etorkizuna?

Nik museoa zabalik eta bizirik ikusten dut, eta hori ospatu beharra dago. Epe luzean nik espero dudana da orain dugun hitzarmena hobetzea. Instituzioekin jarraituko dugu lanean zortzi urte barru hitzarmen aberatsago bat mahai gainean prest izateko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa beharrezkoa ikusten dut nik. Laugarren hanka hori behar du museoak etorkizunean.

Ibilbide luzea egin du Artea elkarteak orain arte.

1970eko eta 1980ko hamarkada artean hasi ziren herritarrak lan etonografikoa egiteko elkartzen.Garai hartan baserri asko berritu zituzten, baita eraitsi ere. Bertako objektu eta lanabesak inolako kontolik gabe botatzen ziren. Galera horren kezkatik abiatuta hasi ziren gauza desberdinak biltzen eta gordetzen.

Artea Etnografia Elkartea 1984an sortu zen, Artziniegako Museoa egikaritzeko helburuarekin. Museoa Arteko Gure Amaren santutegian zegoen kokatuta hasieran. Museo txiki bat zen, landa eremuko kontuak gordetzen genituen nagusiki. Denboraren poderioz geroz eta gauza gehiago pilatzen joan ginen. Farmazia itxi zutenean, adibidez, bertako gauzak gorde genituen, uko egin nahi genion bertako material etnografikoa galtzeari.

Udalak museoko eraikina lagatu zigun, hainbeste hasi zen bilduma kontserbatzen jarraitzeko. Jaurlaritzaren laguntzarekin eta udako auzolandegietako boluntarioekin atontzen joan ginen espazioa, herritar asko inplikatu ziren ere proiektuan.

Museoak, gaur egun ezagutzen dugun bezala, 2004an zabaldu zituen ateak. Urte bete lehenago areto nagusia erabiltzen hasi ginen  jarduera desberdinak egiteko.

“Herriarekiko gure konpromisoa da lan etnografikoa. Ezin dugu gure ondarea galdu, ezin ditugu gure sustraiak galdu”

Herrian errotuta dagoen proiektua da, beraz, Artziniegako Museoa?

Herritarren artean eraikitako proiektua da museoa. Guk, gainera, askotan esaten dugu honen atzean ez dagoela museoetako espezialista bat, baizik eta gai baikoitzean aditu eta aritua denak atondu duela bere espazioa: arotzak atondu zuen aroztegiaren espazioa, herriko botikarioak berea... Ez da bitrinetan antolatutako museo bat, denboraren makina bat da.

Etnografia elkarteko kideak ez ezik, kolaboratzaile ugari ditugu ekintza desberdinetan laguntzen gaituztenak.

Zeintzuk dira elkarteak egiten dituen ekintza etnografiko horiek?

Asko dira, batzuk museoan bertan egiten ditugu, beste batzuk herrian zehar.

'Museo bizia' da horietako bat; artisauak etortzen dira eta antzinako ogibideak nolakoak ziren erakusten dute. Sasoiaren arabera ere ekintza desberdinak egiten ditugu: udaberrian ogia aintzinan bezala egiteko tailerra, udako solstizioa ekainean, udazkenean txarriboda eta neguan Olentzeroren etorrera ospatzen dugu.

Horretaz gain, lan batzuk publikatu ditugu. Herrian errota eta sutegia ere berreskuratu ditugu. Azken urteetako lan zamak ez digu astirik utzi lan guzti horiei arreta jartzeko. Horregatik espero dugu akordio honen ostean lan etnografikoan murgiltzea berriro.

Karpetan ideia asko ditugu gordeta, horiek egikaritzeko denbora eta jendea behar ditugu. Elkartean belaunaldi aldaketa bat eman behar da. 20 kide inguru gaude elkartean eta zahartzen ari gara, haize freskoa ezinbestekoa da lan etonografikoarekin jarraitzeko.

Zer garrantzi dauka  zuretzat etonografiak?

Herriarekiko gure konpromisoa da lan etonografikoa, ez bakarrik Artziniegarentzat, gizarte guztiarentzat. Ezin dugu gure ondarea galdu, ezin ditugu gure sustraiak galdu. Ezinbestekoa da gure bizitza nolakoa zen jakitea aurrera egin ahal izateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide