PAQUI BELDA GAJDOS

“Kaleratzeari esker, ez naiz gehiago pertsona nagusiekiko praxi-txar horren parte izango”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 3a, 09:28

Sei urte igaro zituen Paqui Beldak Artziniegako La Encina egoitzan lanean. / Aiaraldea.eus

PAQUI BELDA GAJDOS (Herbehereak, 1965) Artziniegako La Encina egoitzan sei urtez lan egin ostean apirilean kaleratu zuten. Orain, epaile batek bidegabea izendatu du kaleratzea. Erresidentzia pribatuetako errealitateaz mintzatu da.

Artziniegako La Encina egoitzatik kaleratua izan zinen iaz, azalduko diguzu nolakoa izan zen prozesua?

Egun batetik bestera, 2020ko irailean, enpresak gaueko txanda ezarri zigun; txanda hori egiteaz arduratzen zen gure lankideak gogaituta alde egin zuen, zuzendaritzari egindako laguntza eskaerek ez zutelako inolako erantzunik jaso. 

Langileok proposamena luzatu genion zuzendaritzari: gaueko-txanda egiteko prestutasuna zuten beharginekin lan talde finko bat osatzea, eta gainerakoak errotatzen joango ginen. Ez zuten proposamena onartu, eta erabakiarekin ados ez bageunden gure artean elkartu eta hori borrokatzeko erronka bota zigun arduradunak mespretxuz.

“Nire lanpostua oso garrantzitsua zen niretzat, baina denak ez du balio; nire eskubideak eta duintasuna errespetatuak izatea nahi dut”

Urrian ELA sindikatuan afiliatu nintzen, eta egoera bideratzeko laguntza eskatu nuen. Une horretan hasi zen jazarpen sindikala. Arduradunak hilabete horretan bertan bulegora deitu eta nire lana modu egokian ez egitea leporatu zidan lehendabizikoz. Ordutik aurrera etengabea izan zen nire eta beste lankideen aurkako jarraipena.

Hauteskunde sindikalak egin genituen abenduan, eta enpresa are oldarkorrago azaldu zen. Lankideen artean beldurra eragiten hasi ziren arduradunak. Zuzendaritzak uko egin zion gurekin lan egutegia negoziatzeari.

Urtarrilean baja hartu behar izan nuen enpresaren arduragabekeria baten ondorioz izan nuen eroriko bat zela eta. Bi hilabetez egon nintzen etxean, tartean, gainera, COVID-19az kutsatu nintzen. Enpresak uneoro zalantzan jarri zuen nire baja, eta gerora behar izan nuen erreabilitazioa.

Martxoan bueltatu nintzen lanera. Jazarpen-egoerak berdin jarraitu zuen. Apirilean gutun bat jaso nuen; hainbat lankide nire jarrerarekin kexu ziren, antza. Akusazio zeharo faltsuak ziren. Sindikatuak arrazoibide bat prestatu zuen enpresari azalpenak eskatzeko. Ez ginen dokumentua aurkeztera iritsi: enpresak legean jasotako 10 egunak errespetatu gabe kaleratze gutuna entregatu zidan.

Nola gogoratzen duzu une hori?

Kaleratze gutunak birrindu egin ninduen, sekula ez nintzen hain iraindua sentitu. Egoitzako zuzendariak faboreak oso azkar ahazten nituela bota zidan mespretxuz. La Encinan lanean hasi nintzen egunari egiten zion erreferentzia: inkorporatu behar nintzen egunean urgentziaz alde egin behar izan nuen nire aita hiltzear baitzegoen. Arduradunei azaldu nien ezingo nintzela lanera joan eta beste norbait kontratatzeko; hauek ezetz esan zidaten, ni itzuli arte itxarongo zutela. 'Fabore'  horri egiten zion erreferentzia, zeharo bidegabea zen.

Amorratuta nengoen. 'Ez konforme' sinatu nuen eta ospa egin nuen bertatik. Lankideak eta erabiltzaileak agurtu nituen. Ez nuen negar malko bakar bat ere egoitz abarruan isuri nahi; ordurako hasiak ginen mobilizazioak egiten, eta egoitza aurrean zeuden nire kideekin eta senideekin batzea besterik ez nuen nahi. Alaba negarrez ikustea izan zen gogorrena, baina oso babestua sentitu nintzen; ezagutzen ez ninduen jendeak ere erakutsi zidan babesa.

Ez zinen kaleratutako langile bakarra izan.

Ez, martxoan beste lankide bat kaleratu zuten. Bere egun librean egoitzara joanarazi zuten, eta une horretan eman zioten kaleratze gutuna. Finikitorik ere ez zuen jaso.

Egoera guzti hori sindikatuan antolatu eta mugitzen hasi ginelako eragin zuen enpresak, gure eskubideak aldarrikatzen hasi ginelako.

Kaleratzearen aurkako salaketa jarri zenuen orduan; prozedura judiziala ia urtebetez luzatu da.

Sindikatuko zerbitzu juridikoek kaleratze baliogabea lortzea zuten helburu, nire kaleratzea jazarpen sindikalaren ondorio zela argudiatuta. Nik, ordea, zalantzak nituen; kaleratzea baliogabetzeak La Encinara lanera bueltatzea suposatuko luke, eta nik ez nuen hori nahi, inondik inora. Bigarren iritzi bat eskatu nion beste abokatu bati, argi azaldu zidan oso erraz izendatuko lukeela epaile batek nire kaleratzea bidegabe; kaleratzea baliogabetzea, aldiz, zailagoa izango zen jazarpen sindikala egon zela argudiatzeko froga asko aurkeztu behar baitziren.

Gauzak horrela, kaleratze bidegabearen alde jo nuen. ELAko abokatuek eraman dute auzia. Nik ez dut hauen berririk izan epaiketa baino bi aste lehenagora arte.

Beldur handia izan dut azken hilabeteetan, ziurgabetasuna izugarria izan da. Askotan pentsatzen nuen La Encinako arduradunak berriro kontratatuko nindutela ni izorratzeko helburu bakarrarekin. Gai ikusten nituen niri min hori egiteko. Beldur horrek asko baldintzatu dit bizitza.Otsailaren 1ean zegoen jarrita epaiketaren data. Abokatuak azaldu zidan kaleratze gutuna ez zegoela nondik hartu, enpresak ez baitzuen niri leporatutakoak frogatzeko datu bakar bat ere eskaini, eta erraz irabaziko genuela epaiketa. Epaiketaren data baino egun batzuk lehenago enpresako abokatua ELAkoekin jarri zen harremanetan eta akordioa sinatu zuten. Kaleratzea bidegabea izendatu dute, kalte-ordaina jaso dut eta ez dut berriro La Encinan lanik egingo; hilabete oso gogorren ostean atseden hartzea lortu dut.

Nire lanpostua oso garrantzitsua zen niretzat, baina denak ez du balio; nire eskubideak eta duintasuna errespetatuak izatea nahi dut.

Babestua sentitu zara denbora guzti honetan?

Ez naiz esateaz nekatuko, oso babestuta eta zaindua sentitu naiz, eta horri esker egin diet aurre hain hilabete ilunei.

Oso eskertua nago nire lankideekin, mugimendu feministarekin, Greba Batzordearekin... Zerrenda amaigabea da: BMko langileak, Tubacexekoak, Mercedarias egoitzakoak, Artiachekoak... Ezagutzen ez ninduten eta une oro laguntzeko prest egon diren jendez inguruatuta egotea zoragarria izan da. Aurrerantzean ere nire ekarpena egiten jarraitu nahi dut.

“Ez naiz esateaz nekatuko; oso babestuta eta zaindua sentitu naiz, eta horri esker egin diet aurre hain hilabete ilunei”

Nola ikusten duzu zure lan-etorkizuna orain?

Lan berri bat hasi dut. Sektorean jarraituko dut beharrean, gogoko dudalako eta uste dudalako gure lana oso garrantzitsua dela pertsona nagusien bizi kalitatea hobetze aldera. Hori bai, ez daukat erresidentzia pribatu batera bueltatzeko inolako asmorik, ikasi dut ikasgaia.

Zein da erresidentzia pribatuen atzean dagoen errealitatea?

Nire iritziz, erresidentzia pribatuak dirua egiteko makinak dira. Dependentzia duten pertsona nagusiak beti egongo dira, zaharkitutako gizartea da gurea, negozio borobila da beraz. Bai noski, negozio honetan lehengaia ez dira patatak, ezta tutuak ere ,arreta duina merezi duten pertsonak dira.
Erresidentziak etxeko bizitzaren luzapena izan beharko luke, egunerokoa zertxobait arautuagoa duena, baina etxe bat, funtsean. Sentzazioa oso bestelakoa da, ordea, muntaketa-kate bat da: agureak esnatu, garbitu, goslatzen eman… Ez dago euren beharrei erantzuteko astirik, emozionalki eurak artatzeko. Langile erratioak errespetatzen ez direlako gertatzen da hori. Langileak falta dira, eta, ondorioz, lan karga izugarria da; denbora aurreztu behar da eta hori egiteko modu bakarra erabiltzaileen arretatik aurreztea da.

15 minutu ditugu erabiltzaile bakoitza esnatu, garbitu eta janzteko. Horrekin batera logela pixka bat atondu eta ohea egin behar dugu. Ohea egitea izarak ondo jartzea izan daiteke, edo hauek guztiz aldatzea. Hori 15 minututan egitea mugitzeko gaiatsunik ez duen pertsona batekin ezinezkoa da. Ez da normala bi langile egotea 24 agure altxatzeko.

Ez dago erabiltzaileekin interakzionatzeko unerik, garbitzera eta jaten ematera mugatzen gara. Oso bidegabea da. Kaleratzeari eskertu behar diot pertsona nagusiekiko praxi-txar horren parte gehiago ez izatea.

Nik sinistu egiten dut erresidentzietan, beharrezkoak direla uste dut, baina gauza asko aldatu behar dira. Nik ez dut nire amarentzako La Encinan ezagutu dudana nahi. Erresidentzietan dauden pertsonak bizitza guztia borrokatu diren pertsonak dira, gure eskubideen alde egin dutenak, tartu duina merezi dute bizitzaren azken urteetan.

Uste duzu erresidentzietako langileen lana aitortu egiten dela?

Funtsezko sektorea gara, baina gure lana ez dago aitortua, eta askotan ezkutatu egin izan da. Pandemiak egora lehertu du, aspalditik zen jasanezina bertako egoera, eta gabezia guztiak atera dira argitara.

La Encinako arduradunek ez dute inoiz aitortu gure lana. Uste dut ez direla erresidentzia bat kudeatzeko pertsona aproposak. Agureei atzazkalak mozten nengoen behin egongelan, esan zidaten hori ez zela lan egitea. Argi dago ez dutela ezer ulertzen pertsona nagusien beharren inguruan. Beraientzat erresidentzia dirua egiteko makina bat baino ez da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide