Ganzorrotz Mendi taldeak antolatutako Yarri Memoriala mendi martxak hasiera eman dio Artziniegako ekitaldi handien denboraldiari, bai eta eskualdeko mendi martxen egutegiari ere. Pandemiak eragindako etenaren ostean, herriko zein kanpotik etorritako mendizaleak goizean goiz elkartu dira Toñin Luengas frontoian, ibilaldia hasteko irrikaz.
Antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte; luzea eta txikia. Lehenengoa 8:00etan hasi da. Martxa laburrean parte hartu dutenek, ordea, 9:30ean egin dute irteera. Bidea edozein izanda ere, lokatz ugarirekin egin dute topo mendizaleek, eta merezitako otordua jaso dute helmugan, berotan sartzeko.