ERREPORTAJEA

Artziniegako Maristen Eskolako haurren aurkako sexu-abusu kasua, argitzeke

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mar. 21a, 07:00
Gaur egun abandonatuta daude Artziniegako Junioradoko azpiegiturak. / Aiaraldea.eus

‘El Pais’ egunkariak bildutako datuen arabera, haurren aurkako sexu-abusu kasu bat egon zen Artziniegako Maristen Eskolan, 1961. urtean. Maristek ikerketa kanonikoa abiatu dutela adierazi dute, euren ordenean jazotako kasu guztiak argitzeko. 

Gaurkotasunez betetako gaia bilakatu dira elizaren baitan haurren aurka eginiko sexu-abusuen kasuak. Ikerketa abiatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, EAEn dokumentatutako dozenaka kasu argitzeko helburuarekin. Salaketarako bideak jarri ditu Ertzaintzak, eta lekukotza berriak azaleratzen ari dira.

‘El Pais’ egunkariak azken urteetan eginiko ikerketa zabal bat izan zen prozesuaren abiapuntua. Egunkari horrek txosten bat helerazi zion iaz Espainiako Eliza Katolikoari eta Vatikanoari. Haurren aurkako 251 sexu abusu kasu jaso zituzten dokumentu horretan, eta horietako 13 jazo ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina azken asteetan beste horrenbeste salaketa jazo ditu Segurtasun Sailak. 

Dena den, ‘El Paisen’ ikerketa askoz zabalagoa da. Guztira, 611 kasu eta 1.246 erasotu identifikatu ditu komunikabideak, baina horietako guztiak ez daude guztiz argituta edo aski dokumentatuta. 

Artziniegako kasua

Argitu gabeko ehunka kasu horien artean dago Artziniegako Maristen Eskolakoa (‘Juniorado de Arceniega’ gisa ere ezagutzen zena). Iaz egin zuen publiko kasua El Paisek, Maristen ordenaren inguruko ikerketa zabalago baten barruan. Bildutako datuen arabera, 1961. urtean jazo zen kasua, eta ‘Francisco Anaia’ akusatu zuten erasoa egiteaz. 

Ez da Artziniegako kasu zehatz horri buruzko xehetasun gehiago ezagutzen, baina Bizkaian beste eraso bat salatu zuen pertsona batek Francsico anaiari buruzko xehetasun gehiago eman zizkion ‘El Pais’-i:  “Ukituak egiten zituen praken azpitik. Mutil gaztea zen, ilehoria, nahiko sadikoa ikasleak atontzeko orduan. Bere mahaira deitzen zizun irakurtzeko, eta han eskua sartzen hasten zen. Garai hartan bospasei urte nituen”.

Horrez gain, ikasleen aurkako sexu-abusuak egiteaz akusatutako beste marista bat ere igaro zen Artziniegako eskolatik: Esteban Villalba. Baina, bere aurkako salaketak Bizkaian egon zen garaikoak dira. Bilbo inguruko hiru ikasle-ohiren lekukotzak bildu ditu egunkariak, baina beste bederatzik gutxienez ere egin dituzte adierazpenak, sare sozialen bidez.

Maristek adierazi dute ikerketa abiatu dutela euren ordenaren barruan jazotako kasuak ikertzeko

22 marista salatuta

Harago doa ikerketa: Espainiako Estatuko maristen 20 eskoletako kasuak bildu ditu komunikabideak. Erasoak 1950ko hamarkadatik 1990ko hamarkadara bitartean jazo ziren, eta 22 marista eta sekular (pertsona laiko) bat identifikatu dituzte guztira erasotzaile gisa. 

Maristek adierazi dute ikerketa kanonikoa abiatu dutela gertatutakoa ikertzeko, eta posta elektronikoak jarri dituzte nahi duen ororen eskura: protecciondel-menor@maristasiberica.es. 

Eraikinaren historia

Historia luzea du Artziniegao Maristen Eskolaren eraikinak. 1747. urtetik aurrera Aiarako kontzejuetako bilkuretarako baliatu zen, 1845. urtean enkantean saldu zen arte. Artziniegako Udalak eskuratu zuen, Lantenoko bizilagun baten maileguari esker. Ondoren, 1857. urtean, Eugenio de Garay y Rivacobak erosi zuen, 13.500 errealen truke. Ordutik aurrera  hasi zen eraikina eskola moduan erabiltzen, 1990ra arte. Ondoren, elkarbizitza zentro bilakatu zen, 2014ra arte. Urte horretan itxi zituen ateak, eta hutsik dago groztik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide