Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Ezin diogu ihes egin barruan daramagun pasioari”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mar. 13a, 07:00

Madrilgo Casa de las Vacas aretoan aurkeztu zituzten euren lanak Jose Maria eta Mikel Pintok, Reina Sofia sariketaren barruan. / Aiaraldea.eus

JOSE MARIA PINTO (Artziniega, 1959), Mikel semearekin batera, Reina Sofia sariketan hautatua izan da berriki. Pinturarekiko pasioa konpartitzen dute aita-semeek.

Reina Sofia saria jasotzeko hautagien artean egon zarete semea eta zu. Zer garrantzi dauka sair honek?

Espainiako Margolari eta Eskultore elkarteak antolatutako saria da hau. 110 urte baino gehiago ditu elkarteak, eta artista ezagun asko pasa dira bertatik, esaterako, Soroya izan zen lehendakari urte batzuetan.

Aurtengoa Reina Sofia sariaren 57. edizioa izan da. Elkartea sortu zenetik Espainiako Erregea izan du ohorezko lehendakari. Errege-etxearekin duen binkulazioa dela eta, izen hori jarri zioten hain sona handiko sariari.

Sofia erregina emerituak zuzendu ohi ditu sari banaketa ekitaldiak, aurtengoan egon ez den arren. Ni ez naiz monarkikoa, eta lehiaketara aurkeztu nintzen lehenengo aldian errezeloa nuen. Baina egia da interes handia erakutsi duela aurkeztutako lan guztiekiko. Banan banan geratzen da parte hartzaile guztiekin obren inguruan solasten. Bestelako lehiaketetara agertzen diren ordezkari publikoek baino askoz interes gehiago duela demostratu dit niri. Zentzu horretan ,asko harritu nau erreginak.

Lehiaketara itzuliz, bi kategoria ditu: margoa eta eskultura. Artista bakoitzak obra bat bidali behar du, nahi duen neurrikoa. Hautatutako obra guztiekin erkusketa bat antolatzen dute Madrilgo Casa de las Vacas aretoan, eta epaimahiak finalistak aukeratzen ditu. Bederatzi artistek eta arte kritikarik osatutako epaimahaia da. Epaimahi potentea da, pertsona oso adituak biltzen dituena: Tomas Paredes, esaterako, Espainiako Arte Kritikarien Elkarteko presidentea.

“Ni lau aldiz izan naiz Reina Sofia sarirako hautatua, eta semea bitan. Finalistak izatera ere iritsi gara”

Aurtengoa ez da, beraz, aurkezten zareten lehenengo urtea.

Ni lau aldiz izan naiz Reina Sofia sarirako hautatua, eta semea bitan.  Beste bi urtetan aurkeztu nintzen arren, ez zizkidaten obrak onartu; behin bidean hautsi egin zelako, beste behin koadriari azken unean bota nion bernizak egindako lan guztia izorratu zidalako. 

Sariketako finalistak izatera ere iritsi gara inoiz. Jakin izan dugu gerora, bion kasuan boto bakar bateko aldeagaitik ez genuela saria eskuratu. Nire kasuan, antza, epaimhaiako bozketa berdinketan korapilatuta zegoen, zortzigarren bueltan epaimahaikide batek botoa aldatu zuen arte, zoritxarrez ez zen nire alde etorri. Mikel finalista izan zenean ere antzeko zeozer gertatu zela entzun dugu. Aurten finalista bakarra aukeratu dute modalitate bakoitzean. Pixka bat arraroa suertatu zaigu erabakia, batez ere ikusirik semearen eta nire lanak erakusketako deigarrienetarikoak zirela. Baina tira, horrela suertatzen dira horrelako lehiaketak.

Obra bat bidean hautsi zitzaizula aipatu duzu. Lan handia izango da artelan bat horrelako lehiaketa batean aurkeztea, nolakoa da prozesua?

Reina Sofia sariketa presentziala da, obra eraman beharra dago. Gaur egun ez da oso ohikoa hori; egindako lanaren argazki bat bidalita nahikoa izaten da, zure lana hautatua baldin bada bidaltzen duzu solik. Kasu honetan ez, aurkeztu nahi baduzu obra osorik bidali beharra dago.

Horrek lan handia suposatzen du, batez ere nireak bezalako hain dimentsio handiko artelanekin. Nik balkoitik zintzilikatu behar ditut garraiolariek har dezaten, estudioko atetik ez baitira koadroak kabitzen. Gainera oso obra pisutsuak dira.

Semea Madrilen bizi denez, errezagoa du tamaina handiko obrak lehiaketara aurkeztea. Bertan badira arte kontuak garraitzeko enpresa espezializatu gehiago.

Mikelek zure urratsak jarraitu ditu, bera ere margolaria da. Zer desberdintasun dago batak eta besteak artearen munduan egin duzuen ibilbidean?

Nik gaztetatik neukan argi pintorea nahi nuela izan, baina garai hartan ez zen batere erraza bide hori hartzea, ez zegoen ondo ikusita. Nire buruaz beste egitea bezalakoa zela esaten zidaten. Gauzak horrela, dekorazioa ikasi nuen. Nahiko erabilgarri egin zitzaidan, egia esan, eta margolari bezala askotan aplikatu izan dut bertan ikasitakoa.

Mikelek txikitatik margotu du. 13 urterekin Artziniegako Margo Lehiaketan parte hartuko zuela esan zidan. Erakusketa egin zenean hura ikustera etorri zen gizon bat liluratuta geratu zen semeak obraren inguruan emandako azalpenaz, eta obra erosi zion 300 eurorengatik. Egun horretatik aurrera zaletasunak ziztu bizian egin zion gora. Lehiaketa askotara joan ginen, eta guztietan lortu zuen lehenengo postua bere kategoriaren barruan.

15 urte bete zituenean Bilboko Goya paper dendak antolatutako txapelketan eman zuen izena. Txapelketa horretan ez zegoen gazteentzako kategoriarik, 15 urtetik aurrerako edozeinek hartu zezakeen parte. Txapelketa hura ere irabazi zuen, 1.800 euroko sari eta guzti. Nerabezaroan, ordea, utzi egin zion pintatzeari, erabat alboratu zuen zaletasuna.

Unibertsitate garaian Madrilera joan zen ingeles filologia ikastera, oso gogoko du irakurtzea eta. Karrera erdian zegoela berriro hasi zen pintatzen. Hasieran guri ez zigun ezer esaten, baina bazebilen. Guztiok bizi dugu horrelako krisiren bat nerabezaroan, baina ezin diogu ihes egin barnean dugun pasioari.

Madrilen bizitzen jarraitzen du Mikelek orain. Higiezinen agentzia batean egiten du lan komertzial bezala bizitza ordaindu ahal izateko, eta bien bitartean estudio txiki bat dauka, bertan sortzen du. 

Ibilbide oso ezberdinak izan dituzue orduan.

Egia da aita margolari bat duzunean gauzak errazago jartzen zaizkizula honetara dedikatu nahi baduzu zure bizitza. Baina egoera honek ere badu bere alde txarra, askotan oztopo dena: zure aita margolaria bada zuk ezin duzu ildo beretik itsu-itsuan jo. Zer zara bestela? Zure aitaren kalkomania  bat besterik ez.

Aitaren figurarengandik aldendu beharra dago. Mikel, zorionez, nortasun handiko pertsona da; beti lehenetsi du bere kriterioa.

“Aitaren figuratik aldendu beharra dago. Mikel, zorionez, nortasun handiko pertsona da; beti lehenetsi du bere kriterioa”

Estiloari dagokionean, zer desberdintasun daude bataren eta bestearen artean?

Biok egiten dugu oleoarekin lan baina teknika zeharo desberdina da, tematika ere desberdina da. Nik, noski, denbora gehiago daramat pintatzen eta fase gehiagotatik igaro naiz. Hasieran  hiri-eszena asko egiten nituen. Orain, ordea, gehiago jo dut eszena lausoagoetara, paisajistikoagoak, non egitura horizontalek eta ortzimugek pisu handia artzen duten.

Mikelek elementu urbanoak margotzen ditu, baina beti ere giza-irudia erdian jarriz, asko interesatzen baitzaio hori. Kalean aurkitzen dituen pertsonaiak margotzen ditu. Reina Sofia sariketarako, adibidez, banku batean eseritako agure bikote bat erretratatu du, bizitzari eutsi besterik egiten ez dugun etapa hori irudikatu nahian.

Oso desberdina da batak zein besteak egiten duguna.

Reina Sofia sariketaz gain bestelako lehiaketetan ere aitortzak jaso dituzu.

Bai, BMW Pintura saria izan da parte hartu dudan sariketa garrantzitsuenetako bat. Reina Sofiak baino sona handiagoa du honek. Madrilgo Errege Antzokian egiten da sari banaketa eta pertsona famatu asko hurbiltzen dira. 2014an ohorezko domina eman zidaten bertan

Granadako Motril herrian ospatzen den Ramon Portillo lehiaketan ere jaso nuen ohorezko aitortza. Gehiago izan dira ere.

Ofizioz pintorea zara zu. Gaur egungo egoeran ez da langintza erraza izango.

Nahiko gaizki dago egoera oro har, eta pandemiak ez du batere lagundu. Nik pintura klaseak ematen ditut Artziniegan eta Gordexolan, 20 urte baino gehiago daramat horretan. Gero, ahal dudan neurrian, obrak saltzen ditut. Bestelako ekimenak antolatzen ditut ere: erakusketak estudioan, topaketak...

Kexaako 'Ametsen Hariztiaren' atzean ere zaude zu.

Azken urtean egindako proiektu nagusietakoa da. Arcos de Quejana jatetxeko arduraduna nire laguna da, eta berak proposatu zidan egitasmoa jatetxean esposaketa txiki bat aurkeztu nuen egun batean.

Ordurako hariztiaren lehengo fasea gauzatuta zegoen; baso solidarioa deitzen zen, zuhaitz bakoitza gobernuz kanpoko erakunde batera lotua baitzegoen. Proposatu zidan zuhaitz bakoitzaren enborrak margotzea. Proiektuan murgildu eta ni arduratu nintzen  zuhaitzak margotuko zituzten 25 artistak lotzen eta kudeatzen. Horri esker zer egina izan nuen pandemiaren lehenengo hilabete horietan.

Proiektuak aurrera jarraitzen du, eta laster Gasteizen aurkeztuko dugu 'Ametsen Hariztia', erakusketa berezi baten bidez. Enbor margotuen argazkiak eta artisten obrak tartekatuko ditugu bertan.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Bai, badut pandemiak hainbatetan  zapuztu duen proiektua: 2020an zazpi obra bidali nituen Taiwanen, Taipei hirian, Art Revolution erakusketa ezagunean aurkezteko. Dena ondo bidean, maiatzean egin ahalko da behingoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide