Iragan martxoaren 10ean egin zen Artziniegako udaletxean martxoko udal osoko bilkura. EAJk bi mozio aurkeztu zituen bertan. Lehenengo mozioak Ukrainako egoera zuen hizpide. Jeltzaleek Errusiar inbasioa deitoratu eta ukraniar herriari elkartasuna adierazten zion testua aurkeztu zuten, eta aho batez izan zen onartua. Horrenbestez, "Errusiako indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko" eskaera luzatu zuten Udaletik.
Artziniegako alde zaharra babesteko mozioa
Bigarren mozio bat ere aurkeztu zuten jeltzaleek. Honako honek, tokiko administraziotik Artziniegako alde zaharra bultzatzeko eskatzen zuen. "Leku baliotsu hori eskualdeko eta Arabako lekurik polit eta enblematikoenetako bat da. Izan ere, leku honetan gertaera eta gertaera ugari izan dira, kokapen honen berezitasuna agerian uzten dutenak. Gainera, azken urteotan, alde zaharraren edertasunarekiko industria zinematografikoak piztu duen interesa ikusi ahal izan da eta, horren ondorioz, hainbat filmeren eszenatokia izan da" azaldu zuen Encina Castresana bozeramaileak mozioaren aurkezpenean.
EH Bildu buru duen udal gobernuari eskatu zioten hirigune historikoaren birgaitzea lehentasunezko helburu gisa ezartzea. Ezohiko jarduera eta laguntzetatik etor daitekeen finantziazioa bilatzea ere eskatu zioten alkatetzari. “Neurri horiek hartuta, Udalak udal-ondare historikoarekiko konpromiso irmoa erakutsiko du" nabarmendu zuen Castresanak.
Udalbatzetako dokumentazioa
Osoko bilkuran landu beharreko zenbait gaien dokumentazioaren aurkezpenean egondako atzerapenak kritikatu zituzten ere jeltzaleek. “Ohiko joera da legealdi honetan, eta oposizioko alderdi politikook ez dugu denbora nahikorik dokumentazio guztia behar bezala irakurtzeko” azaldu zuen Encina Castresanak.
Bozeramaileak udalaren "kaos egoeraren" adibidetzat jarri zuen BABIO guraso elkartearen, ARTEA elkartearen eta Udalbiltzaren hitzarmenak udal osoko bilkurako gai ordenatik azken unean erretiratu izana.