Euskadiko Irristaketa Federazioak antolatuta, autonomien arteko txapelketa jokatu zuten asteburuan Artziniegan. Larunbatean eta igandean neurtu zituzten euren indarrak eta trebeziak Asturias, Kantabria, Gaztela-Leon, Errioxa eta Euskadiko patinatzaile artistikoek, goizez eta arratsaldez.
Kalitate handiko kirolariak ikusteko aukera egon zen. Adibidez, igandean Hector Diaz Munduko Txapelketako bigarren sailkatua aritu zen kiroldegian. Euskadiko Federazioak oso positiboki baloratu du ekimema: "Ezaugarri honetako lehen txapelketa izan da federazioaren historian; eta asmoa da, aintzat hartuta lehiaketa ofiziala ez dela izan, patinatzaileek ezagutzea zer puntuatzen duten epaileek txapelketa batean. Finean, esperientzia izatea emaitzak hobetzeko lehiaketa autonomikoetan edo estatukoan".
Halaber, federazioa pozik agertu da eskualdean izandako harrerarekin: "Artziniegako Udalak berehala eskaini zigun pista, eta eskertu genuen, azpiegitura guztiek ez baitute balio kirol hau egiteko. Gainera, espero dugu etorkizunean Laudion ere ekimenen bat antolatzea. Uste dugu Artziniegako ordezkariak ere pozik daudela, jende pila joan baitzen herrira".