Artziniegako hiribilduaren 750. urteurrenaren ospakizunak ez du etenik eta hainbat esparrutan eragiten ari da bere aniztasuna eta balioa goraipatzeko. Asteburu honetan, igandean, hain zuzen, ondare naturalari erreparatuko diote. 10:30ean Toñin Luengas frontoitik abiatuko dira eta bi orduko txangoa proposatuko dute.
Horretarako ez dira herrigunetik aldenduko eta, euskaraz, bertan dauden animali eta landareei dagokien garrantzia emango diete. Antolatzaileek iragarri dutenez, "Artziniegako hiri-egituran zuhaitz batzuk daude, itxura, berezitasun edo historiagatik ezagutzera ematea eta balioestea merezi dutenak".
Berez, Muskerrak Ingurumen Elkartearen kideen eskutik, Hirigune Historikoa eta Garai plazaren ingurua zeharkatuko dituzte, Arteko Landan amaitzeko, bidean dauden zuhaitz batzuk behatzeko geldialdiak eginda.