Artziniega hiribilduaren fundazioaren 750. urteurrenaren ospakizuna dela medio, hainbat herritarrek ekarpena egin diote egitasmoari. Horien artean dago, hasieratik, Xabier Santxotena artista. Jatorriz baztandarra bada ere, urte hasieran jarri zuen ikusgai udaletxean santutegiko artearen adar batekin sortutako eskultura.
Horrez gain, beste hiru artelan utzi ditu Udalaren esku, 2022. urtea amaitu arte. Eskulturen izenak dira Gure izarra, Artoari eta Alexander Calderi omenaldia eta alde zaharreko hainbat tokitan jarri dituzte. Horien historia ezagutzeko aukera emango du egileak berak bihar 11:00etan, herrigunean egingo duen ibilbidean. Parrokiatik abiatuko da Museo Etnografikoan amaitzeko.
Artziniegako Udala pozik agertu da Santxotenaren lanekin eta ziurtatu du ondare horrek jadanik alde zaharrak duena handitzen duela.