Artziniega Museoak zabalik eta martxan ditu ateak. 'Museo bizia' antolatu zuten apirilaren 23an, larunbatean, herria ezaugarritu duten aintzinako ogibideak eta tresnak erakusteko asmoz. 11:00etatik 14:00etara herritar zein aiaraldear ugari hurbildu ziren langintzak eta usadioak gertutik ezagutzera.
Txoko eta lanbide ugari
Artziniegako Museoaren baitan, hamaika txoko atondu zituzten museoa bisitariek bizitzeko. Hala, garai bateko tresna zein lanbideen lekuko izan ziren partaideak: botikak, bizilekuak, tabernak, eskolak, zurginen tailerrak, aroztegiak, zaldiak zaintzeko guneak, ogia egiteko labe zaharrak... Horrez gain, Artziniegan garrantzia izandako ohituren berri ere jaso zuten ibilbidean zehar: garrafa nola egiten zen, jostunen langintza, senda-belar tailerra, tailagintza edota alpargata edo zapata ekoizleen tresneriaren bitxikeriak, besteak beste.
Artziniegan garrantzia izandako ohituren berri jaso zuten bisitariek ibilbidean zehar; tresna zaharren funtzionamendu, azalpen eta erakustaldia barne
Boluntario ugari aritu ziren ekimena prestatzen. Horietako bat da Adelaida Canive: "Museoko kide eta laguntzailea naiz, eta oso pozgarria bezain garrantzitsua da guretzat museoa irekita eta jendearekin ikustea". Atzokoan, baina, udaletxeko idazkari funtzioa bete zuen Canivek, idazluma eta antzinako idaz makina eskutan: "10-12 txoko prestatu ditugu, eta horietako bakoitzean azalpenak ematen ditugu".
Senda-belarrak, ogia, garrafa eta tailagintza momentuan bertan martxan ikusteko parada eskaini zuten Artziniega Museoan, besteak beste. Esaterako, alpargatak bikoteka prestatzen zituztela kontatu zuten: "Gizonezkoak egiten zuen oinarria, oinaren neurriaren arabera erdian iltze bat jarrita; eta emakumeek oihala jarri eta josten zuten. Sozializatzeko modua zen andre askorentzat. Kanpoko jendeak Artziniegan alpargatak jartzen zituen igandeko arropa gisa. Lazoak lisatzen zituzten dotore egoteko, pentsa!".
Eztia sortzeko tresnak ere jarri zituzten ikusgai, beste gailu askoren artean. Baita txakolina egiteko ohitura edo joera ere. Alberto Martinez Gutierrez-Barquin egon zen gune horretan gidari, Erretes Tuterako tolare zaharra eta txakolinaren garrantzia udalerrian erakusten. Bitxikeriak ere izan zituen hizpide: "Artziniegako ordenantzan herriko txakolina bukatu arte ezin zela kanpoko ardoa ekarri jasota dago. 864. urtekoa da Artziniegako edari ekoizpenaren lehenbiziko erreferentzia, Arabar Errioxakoa baino lehenagokoa". Ildo beretik, garrafa erakustaldi eta dastaketa ere eskaini zuten, Artziniegako festetan ohikoa baitzen.
Artogintza, artile zein eztiaren ekoizpena, aroztegia, zaldiak eta abereak zaintzeko makinaria, ostatuetako tresneria, etxebizitzetako gailu zaharrak, hauspo eta labeak... orotariko tresnak eta istorioak ikusteko zein ezagutzeko ekimena izan zen Artziniegako Museo Bizia. Herri kirolek ere izan zuten bere tartea, bola-jokoarekin, sokatirarekin eta zenbait argazki piezekin atondu baitzuten espazioetako bat.
Ibilbidearen amaieran, bestalde, okinen txokoan mamitutako orea antzinako labera sartu zuen bisita gidatuko talde bakoitzak. Hala, historia, istorioak eta tailerrak uztartu zituzten bertaratutako lagunek ordubete luze iraun zuen iraganerako bidaian.
Aurrera begira, motorrak martxan
Etorkizun hurbilari begira motorrak martxan dituzte jada museo etnografikoan, Paki Ofizialdegik aurreratu duenez: "Maiatzaren 14an 20:00etan bolilloz egindako puntilla aurkeztuko dugu, Arteko Gure Ama Santutegiko marrazkietan oinarrituta. Marisol San Roman joskintza irakasleak egin du, eta berak eskainiko du hitzadia". Hortaz, 'Museo Bizia' ekimenetik harago, Artziniega Museoak badu bizia.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!