Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nire belaunaldiak dituen jarrera asko kritikatzen ditut liburuan”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 23a, 07:00

Jagobe Rey Gotxiren lehen liburua da 'Chico salvaje'. / J.R.G.

JAGOBA REY GOTXIk (Artziniega, 1990) Chico salvaje liburua plazaratu berri du Fanes argitaletxearekin. Bere belaunaldiaren nondik norako ugari jaso ditu artziniegarrak bere lehen lanean. 

Chico Salvaje eleberria argitaratu berri duzu. Elkarrizketa batean entzun dizut hasieran ez zenuela buruan ezer argitaratzea, zuretzako idazten hasi zinela. Noiz hasi zinen liburua argitaratzean pentsatzen?

Lagun eta senide batzuek behin eta berriro esaten zidatelako planteatu nuen liburua argitaletxeetara bidaltzea. Egiatan, isilpean mantendu dut, inoiz ez bainuen liburua publikatzea pentsatu. Duela bi urte ekin nion lanari forma hori ematen, hasieran niretzat soilik idazten nuelako. 

Dena den, zinikoa izango litzateke ez aitortzea atsegina eta gustagarria dela eginiko lana erakustea.

Gazte baten bizitza kontatzen duzu liburuan, 20 urte dituenetik 30 urte izan arte. Zure belaunaldiaren erretratua egin duzula esan daiteke?

Bai, garai horrekin identifikatzen naiz eta hobekien ezagutzen dudana da. Horregatik kritikatzen ditut gizarteak urte tarte horietan islatzen dituen jarrera asko. Liburuko erreferentzia eta keinu asko adin horretako irakurleetara bideratuta daude.

Eta zeintzuk dira, zure ustez, belaunaldi horren ezaugarriak?

Belaunaldi ahula da, eguzki epeletan hazitakoa, beste pertsona batzuen laguntzaren menpekoa. Ez du izaerarik eta balio gabeziaz beteta dago, bere eskura baliabide guztiak dituen arren.

Pertsona asko horrelakoak ez diren arren, muturreko arinkeria sumatzen dut nire belaunaldian. 

“Nire hurrengo lanak distopia bat izango du ardatz”

Zer du eleberriak errealitatetik? Eta zer fikziotik?

Agian ez da istorio guztiz sinesgaitza. Baina, gutxienez, benetakoa dela pentsatzea gustatzen zait, gehiegikeriaren eta aringarriren batekin, ukitu literarioagoa eman ahal izateko. 

Nabarmentzekoa da liburua ez dela autoedizio bat, argitaletxe tradizional batek plazaratutakoa baizik. Nolakoa izan da argitaratze prozesua?

Bai, Fanes argitaletxearekin plazaratu dut liburua, eta, egia esan, orain arte poz-pozik nago. Tratu bikaina jaso dut. Hasierako zuzenketa-lan bat egon zen, azalekoa, eta bertan gauza batzuk kendu ziren, paragrafo pare bat eta esaldi batzuk. 

Batzuetan, idazten duzunean, testua ondo dagoela, ulertzen dela eta zentzua duela uste duzu, eta beste pertsona batek akatsak agerian uzten dizkizu.

Asko gustatu zait hori, profesionalengandik ikastea.

Gero, azala, maketazioa eta parafernalia hori guztia etorri zen, eta hor ere argitaletxeko kideek euren talentua erakutsi dute. 

Zer nolako harrera izan du liburuak orain arte? Baduzu aurkezpenik egiteko asmorik?

Orain arte jende askok eskuratu du. Espainiako zati handi batean banatzen ari da eta, batez ere, Artziniegan eta Gasteizen. Baina Amazonen eta bildalketen bidez, Mexikoko (non lagun onak ditudan) eta AEBetako jendeak ere lor dezake.

Harrerari dagokionez, iritzi desberdinak egongo direla uste dut, baina jasotzen ari naizen kritikak oso positiboak izaten ari dira.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Hasi naiz hurrengo lanerako ideiak idazten. Zerbait desberdina izango da. Distopia bat planteatuko dut liburuan, bi gizarte paraleloren nondik norakoak kontatzeko. Gizarteetako batek nire konbikzioen imajinarioaren arabera funtzionatuko du. Besteak, aldiz, nire ustez gaur egungo gizarteak hartu duen norbaidea izango du ardatz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide