Datorren uztailaren 9an mundu mailako hitzordua izango dute zazpi kontinenteetan barreiatuta dauden arciniegatarrek, non eta arbasoen herrian. Izan ere, Artziniegako Udalak eta hiribilduaren 750. urteurreneko ekintzak antolatzeaz arduratzen ari den komisioak Arciniega abizenaren topaketa antolatu du.
“Iaz, urteurreneko ekintzak pentsatzen hasi ginenean, jarduera batek edo bestek herritik harago ere traszendentzia izatea genuen helburu, gure herri txikiko mugak gaindi, Artziniega izena eta bertako ospakizunak jendearen belarrietara iritsi zitezen”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Joseba Vivanco alkateak. Erreferentzia historikoak birpasatuz, baziren herrian sona handia zuten pertsonaiak, eta horiek ikertzea erabaki zuten. “Besteak beste, bagenekien Mexiko Hiriko katedrala diseinatu zuen arkitektoa Claduio Arciniega zela, eta gure inguruan zuela jatorria”, adierazi du Vivancok.
“Asko harritu gaitu zeinen harro dauden Arciniega abizenaz, eta zer nolako komunitate sendoak eraiki dituzten, bereziki Hego Amerikan”
Abizenaren historian eta zuhaitz genealogiko desberdinetan murgiltzeari ekin zioten orduan. Horrela egin zuten topo Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako ia 2.000 lagun batzen dituen Arciniega abizenaren Facebook orriarekin: “Konturatu ginen Arciniega oso abizen hedatua eta errotua zela Ameriketan; bereziki Mexiko eta Peru bezalako herrialdeetan”, azaldu du alkateak.
Proposamena botatzea erabaki zuten: “Arciniega abizenaren mundu mailako topaketa bat antolatzen badugu? Azken urteetan asko izan dira udalerrira arbasoen arrastoa jarraituz iritsi diren bisitariak, eta pentsatu genuen jende asko animatu zitekeela horrela”.
Arciniegatarren topagune
Jardunaldia antolatzeko proposamena aurkeztu bezain pronto berebiziko oihartzuna izan zuen honek. Komunikabideek ez ezik arciniegatarrek ere gertutik jarraitu dute topaketaren antolakuntza eta zeresan handia eman du: “Facebook taldean ere aurkeztu genuen planteamendua, eta badakigu bertako hainbat arciniegatar gurera etorriko direla uztailaren 9an. Baina ez hori bakarrik, guk proposatutakoaren ildotik, Hego Amerikako zenbait lurraldetan ere ari dira sortzen Arciniega abizenaren topaketak antolatzeko egitasmoak”, nabarmendu du Vivancok.
Gaur gaurkoz 200 lagunen konfirmazioak jaso dituzte uztaileko hitzordurako, eta jende gehiago biltzea espero dute oraindik. Artziniegako alkateak aurreratu duenez Mexiko, Peru, Kolombia edota Kanadatik etorriko dira arciniegatarrak Aiaraldeko udalerria ezagutzera. Brusela, Paris, Coruña edota Katalunia ingurutik ere espero dituzte bisitariak. Egitarau xumea antolatu dute, “Artziniega ezagutzera etorriko diren bisitariei herriaz lasai gozatzeko aukera eskaini nahi diegulako”, azaldu du alkateak. “Museoa, alde zaharra, santutegia, errota, sutegia... lasaitasunez bisita dezaten nahi dugu. Asko oso urrutitik etorriko dira, eta litekeena da Artzniega berriro ez zapaltzea”. Herriko bisitaz gain; harrera ekitaldia, familia argazkia eta herri bazkaria ere antolatuko dituzte eguneanbertan. Facebook bidez zuzeneko konexioa egingo dute ere, Aiaralderaino bidaiatzerik izan ez duten gainerako Arciniegek ere senidetzearen berotasuna jaso dezaten.
Zazpi kontineteetako arciniegatarrekin harremana eraiki duten azken hilabete hauetan guztietan, euren sustraietaz oso harro dagoen komunitate batua aurkitu dutela nabarmendu du Joseba Vivancok: “Asko harritu gaitu zeinen harro dauden Arciniega abizenaz, eta zer nolako komunitate sendoak eraiki dituzten, bereziki Hego Amerikan”. Abizenak eta udalerriak izen bera eramateaz gain, arazo komunei aurre egin behar dietela ohartu dira ere topaketak antolakuntzako kideak: “Guri askotan gertatzen zaigu jendeak ez dakiela herriaren izena ondo ahoskatzen, eta “a” bat sartzen dute askotan ez dagokien tokian. Arciniega abizenari berdina gertatzen zaio, antza zaila da ahoskatzen eta askok Arciniaga idazten dute. Horrelako makina bat anekdota barregarri jaso ditugu azken hilabeteetan”.
Artziniegatik Burgosera hasi zen XIII. mendean abizena hedatzen, eta Iberiar Penintsulako konkista kristauak mediterranear kostaldeko beste tokietara zabaldu zuen
Abizenaren jatorriaren bila
Deituraren sorreraren inguruan ikertzeko kabida eman die uztailaren 9ko hitzorduak 750. urteurreneko komisioko kideei. “Ez da lan erraza — azaldu du Joseba Vivancok — izan ere Artziniegan ez dago Arciniega abizena duen herritar bat bera ere, eta artxibo historikoek eta baitaio-artxiboek ere ez dute hau jasotzen. Hori dela eta, herritik kanpo joandako umezurtzek eramaten zuten abizena zela penstatzera garamatza. Izan ere, Arteko Santutegian mende luzez egondako hospizioak umezurtz asko eta asko artatu izan ditu, eta askok Encina abizena jasotzen zuten modu berean jaso zezaketen Arciniega ere”.
Gauzak horrela Artziniegatik Burgosera hasi zen XIII. mendean abizena hedatzen, eta Iberiar Penintsulako konkista kristauak mediterranear kostaldeko beste tokietara zabaldu zuen. Gaztelako eta Aragoiko koroek kanpaina militar horietan parte hartu zuten gerlariei errege-tituluren bat edo beste, edota zenbait lurren jabetza ematen zien noizena behin, abizenari errotzeko aukera emanez.
XV. mendetik aurrera, arrantzale eta komertzianteek Arciniega abizena Ozeano Atlantikoaren beste aldera barreiatu zuten, eta bertan jaso da honen hedapenik handiena. “Gaur gaurkoz, Espainiako Estauan 700 herritar dira Arciniega abizena lehenengo bi abizenen artean daramatenak”, nabarmendu du Vivancok.
Ospakizun gehiago
Azaroko ekitaldi nagusiarekin eta Antzinako Azokarekin batera, hiribilduaren 750. urteurreneko ospakizun nagusietako bat da Arciniega abizenaren nazioarteko topaketa, baina ez bakarra. Ekintza bete agenda osatu dute urte osorako, pandemiak etendako ekitaldien itzulera eta hiribilduaren historiari ertsiki lotutako jarduerak uztartuz; Artziniega herria goratu eta etorkizunera begira jarraitzeko.