Zerk ekarri zaituzte Artziniegara?
Jorje Marticorena: Nire izena Jorje Marticorena Arciniega da; Liman, Perun, jaioa. Nire arbaso guztiak euskaldunak dira; bai marticorenatarrak, eta baita arciniegatarrak ere. Nire alabarekin etorri naiz, gure familiaren sustraiak ezagutzera.
Entzun nuen gure familia Euskal Herriko herri txiki batetik zetorrela, eta segituan piztu zitzaidan hura ezagutzeko gogoa. Londresen alaba bisitatzen ari nintzela hegazkin bat hartu genuen Bilbora, eta bertatik autobusez etorri gara honaino.
Zer dakizue zuen abizenaren jatorriaz eta zuen familiaren historiaz?
Jorje Marticorena: Oso abizen hedatua da Hego Amerikan; Txilen, Perun edota Argentinan badira abizena daramaten herritar ugari. Gehienak Euskal Herritik etorritako arrantzaleen oinordekoak gara, eta guzti hauek Peru zuten helmuga.
Antza, jakin izan dugunaren arabera, Europatik Ameriketara emigrazioa hasi zenean itsaontziek Hornos Lurmuturra zeharkatu behar zuten, gero Txileko kostaldean gora Peruraino iristeko. Hori dela eta, asko hedatu izan da abizena Argentinan, Uruguain, Txilen edota Kolonbian, baina lehen esan bezala Perun, eta bereziki Liman, aurkitzen dira Arciniega gehien.
Ilian Marticorena: Hain zuzen ere, ezagutzen ez duguna da zein baldintzatan etorri ziren arbaso guzti horiek Euskal Herritik Hego Amerikara. Izan zitekeen Europako goseteen ondorio. Euskaldun asko arrantzaleak ziren, eta arrantza oso industria garrantzitsua da Perun, lana soberan izango zuten bertan.
“Nire seme-alabekin itzultzea gustatuko litzaidake, bai eta herriaren eta abizenaren arteko loturaren inguruan gauza gehiago ikertzea ere”
Zer iruditu zaizue herria?
Ilian Marticorena: Oso herri polita eta maitagarria iruditu zaigu, liluratuta gaude. Iritsi garen lehen momentutik argazkiak ateratzen aritu gara Artziniega izena zuten kartel guztietan (barreak). Nire seme-alabekin itzultzea gusttatuko litzaidake, bai eta herriaren eta abizenaren arteko loturaren inguruan gauza gehiago ikertzea ere. Gure arbasoetan atzera egin eta hemendik atera zen hori identifikatzea zoragarria litzateke.
Milaka kilometrotara egonda ere, oso barneratuta dugu euskalduntasuna gure familian. Nire aitaren aita, nire aitona, erremintaria zen eta frontoian aritzen zen jolasean, zainetan zeraman Euskal Herria.
Jorje Marticorena: Ederra da herria! Niri, ordea, gehien harritu nauena Arciniega abizena duen herritar bat bera ere ez egotea izan da. Eta egia izan behar da hori, alkate jaunak berak baieztatu digu eta. Eskerrak gu iritsi garela gaur, herriaren abizena duten bi lagun egon daitezen gutxienez (barreak).
Jakingo duzue Artziniegako hiribilduak 750 urte betetzen dituela aurten, ezta?
Ilian Marticorena: Gaur bertan enteratu gara, baita Arciniega abizenaren topaketa bat egingo dutela ere. Kasualitate hutsa izan da! Zoritxarrez, ezingo gara uztailaren 9ko topaketan egon.
Marticorena abizena ere badaramazue. Ikertu duzue abizen horren jatorri euskaldunaren inguruan?
Jorje Marticorena: Martikorenak Baztanen (Nafarroa) du jatorria. Ez dugu inguru hori ezagutzeko aukerarik izan bidiaia honetan. Nik, ordea, Euskal Herrira 1975ean egindako lehen bidaian bisitatzeko aukera izan nuen, paraje ederra da hori ere.