Pirinioetan izan dira Artziniegako Ganzorrotz mendi taldeko zenbait kide asteburuan. Hain zuzen, Sallent de Gallego herrira jo zuten larunbatean, Balaitus tontorra egiteko helburuarekin. Sare sozialetan adierazi dutenez, 3.144 metroko gailurra hautatu zuen Artziniegako mendi elkarteak udako irteerarako, eta La Sarra urtegitik osatu zuten zeharkaldia.
Balaitus eta Pico Pacino igo dituzte, besteak beste, Ganzorrotz mendi taldeko kideek asteburuan
"Igoera klasikoa egin genuen Los Arrieles eta Ibon Chelau ibai eta lakuetatik", zehaztu dute. Abrigo Michaud, Grand Diagonal eta Balaitus lotu zituzten segidan. "Jaitsiera Arrieleko Beheko ibairaino toki berdinetik egin benuen, Respomuso Aterpetxera desbideratu eta Aguas Limpias barrankotik La Sarrara iristeko". Guztira, 12 ordu eta erdiko zeharkaldia burutu zuten, 26 kilometro atzean utzita, "uztaileko egun eguzkitsu eta oskarbi betean". Txangotik armonia eta giro ona nabarmendu dituzte partaideek.
Igandean, berriz, Pico Pacinora igo ziren artziniegarrak. 1.965 metro ditu gainak, eta Sallent de Gallego izan zuten irteera eta helmuga puntu. Orotara, 18 kilometroko ibilaldia izan zen, kontatu dutenez, "11 kilometroko paseo zirkularra kasik". 3 ordutan bukatu zuten txangoa: "Pico Pacinok Tena haranaren paisaiaz gozatzeko aukera ematen du, baitan inguratzen duten mendi handiak ikustekoa ere: Midi d'Ossau, Anayet, Palas, Balaitus..: Edota Sallent zein Formigal herriak".
Argazkiak: Ganzorrotz Mendi Taldea