Iaz argitaratu zenuten Kuttune taldearen lehen lana, Hauxe da! diskoa. Zer nolako bilakaera izan du taldeak ordutik hona? Nola bizi izan duzu?
Oso esperientzia ona izan zen diskoaren grabaketarena. Crowfundingak balio izan zigun jarraitzaile sare bat eskuratzeko. Grabaketa nahiko zaila izan zen, diskoa konplexua delako soinu aldetik: perkusio asko dago, instrumentu oso ezberdinak… Mecca estudioan grabatu genuen, Oiartzunen, Mikel Eceiza teknikariarekin, eta oso ondo moldatu ginen, pozik atera ginen lortutako emaitzarekin.
Harrera nahiko ona izan du lanak. Iazko udan aurkeztu genuen, Bakioko Nazioarteko Folk Jaialdian.
Aurkezpen kontzertuetan murgilduta zaudete uneotan, ezta?
Bai, badirudi orain ari garela martxa gehiago hartzen. Aurkezpenaren ostean kostatu zitzaigun emanaldiak lotzea, pandemia zegoelako eta taldea berria zelako. Uda honetan abiatu dugu bira. Hiru kontzertu eskaini ditugu uztailean, eta beste lau ditugu lotuta, abuztua eta iraila artean. Gordexolan arituko gara abuztuaren 28an, irailaren 3an Urdufolken egongo gara, 9an Etxerri Aranatzen (Kultur jaialdiaren barruan) eta 11n Folkez Blai jaialdi-lehiaketan, Ermuan.
Ilusio handia egiten digu Urdufolkeko zitak, Las Migas taldeak joko duelako gure ostean. Judit Neddermann ere egongo da jaialdian… oso kartel ederra osatu dute. Euskal folkaren ordezkariak izango gara bertan, eta hori oso positiboa da guretzat. Zaila da proiektu berriak aurrera ateratzea. Horregatik, asko eskertzen dugu ikusgarritasun hori eman izana.
"Folklorea Euskal Herriko ikuspegitik egitea dugu helburu, baina bestelako lurralde batzuetako musikak ere baliatzen ditugu"
Euskal folkaren ordezkariak izango zaretela diozu, baina zuen musikak askoz iturri gehiagotatik edaten du, ezta?
Bai. Egia da abesti gehienak euskaraz direla, konpozisio propioetatik edota artxiboetatik erreskatatutako abestietatik sortuak. Baina badugu baita galizierazko bat eta gaztelerazko beste bi. Folklorea Euskal Herriko ikuspegitik egitea dugu helburu, baina bestelako lurralde batzuetako musikak ere baliatzen ditugu. Fusioa da gure ardatza. Ez dugu hemengo ‘jota’ soil bat jotzen. Instrumentu afrikarrekin nahasten dugu, adibidez. Erritmo nahasketa asko egiten ditugu: musika afrikarrari hemengo ukitua ematen diogu, edota Galiziako muñeira bati Afrikako erritmoak gehitu. Doinu afro-kubatarrak ere jorratzen ditugu… Ekialde Hurbileko instrumentuak baliatzen ditugu baita, Uta kasu (Espainiako lautearen modukoa dena). Bendirra ere jotzen dugu, ekialdeko panderoa dena.
Funtsean, gure kultura nahasten dugu gure inguruan dauden beste kultura batzuekin. Guk badugu gure folklorea, baina gurekin elkarbizitzan dauden beste kultura batzuekin ere egiten ditugu nahasketak. Nik musikari afrikar eta kubatarrekin jo dut. Gurekin bizi diren sortzaileak dira, baina gure musikak ez dira fusionatzen normalean, beste toki batzuetan bezala. Hori da gure helburua, nahasketa hori erdiestea.
Zer topatuko du Kuttuneren kontzertura bertaratzen denak? Ezberdintasun asko daude diskoaren eta zuzenekoaren artean?
Hasieratik saiatu gara diskoan entzuten dena zuzenekoa bezalakoa izaten. Ez dago musika-kapa gehiagorik, oso fidela da errealitatean entzuten denarekiko.
Zuzenekoa dinamikoa izaten ahalegintzen ari gara. Abestiak oso ezbedinak dira elkarren artean: batzuk perkusio asko daukate, beste batzuk soloak edo ut bidezko melodia intimoak… Horregatik, oholtzan mugimendu asko egoten saiatzen gara. Ez da emanaldi estatiko bat, agertokiko toki batetik bestera mugitzen gara, jotzen ari garen instrumentuaren arabera.
Kontzertu batetik bestera igaroko duzue uda. Zein plan duzue udazkenera begira?
Diskoari ikusgarritasuna ematen gabiltza une honetan. Gauzak hala, ahalik eta gehien jo nahi dugu hemendik urte amaierara bitartean, Euskal Herrian zein atzerrian. Horrez gain, ideiak biltzen ari naiz, gauza txikiago eta ezberdinago bat grabatzera begira. Jotzea eta konposatzen jarraitzea da plana.