Txakurkrosa egingo dute Arrankudiaga-Zolloko IX. Trail Lasterketaren barruan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 2a, 07:00
2019an egin zen azkenekoz trail lasterketa. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 5ean izango da kirol proba. Hiru lasterketa egongo dira guztira, eta irekita dago dagoeneko izena emateko epea.

Azaroaren 5ean egingo dute Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketaren IX. edizioa, baina ireki dute dagoeneko izena emateko epea. Sportmaniacs.com atarian bete behar da inskripzioa. Dortsalak, aldiz, egunean bertan jasoko dira, Elexalde kaleko 23. zenbakian dagoen lokalean, lasterketa bakoitza baino ordu erdi lehenago. 

Hiru proba

Hainbat proba barnebilduko ditu azaroko zitak. Txakurkrosa egingo dute lehenbizi, txakurrekin batera gauzatzeko lasterketa. Goizeko hamarretan izango da zita, Garondo auzoan. Sei kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta inskripzioaren prezioa 12 eurokoa izango da federatuentzat, eta 15 eurokoa federatu gabekoentzat. 

12:30ean, aldiz, umeen krosa egingo dute, Iberlandan. Hiru ordu beranduago abiatuko da trail lasterketa, Herriko plazatik. Ibilbide laburra 6 kilometrokoa izango da; eta luzea, aldiz, 16 kilometrokoa. Izen ematearen prezioa 7 eurokoa izango da urriaren 5era arte, eta hortik aurrera 10 eurora igoko da. 

Araudia

Kirol proben gaineko argibide ugari eman dituzte antolatzaileek. Proba guztiek "izaera herrikoia" izango dutela nabarmendu dute, "hau da, ez da lizentziarik behar parte hartzeko". Hala ere, ohartarazi dute antolakuntzak ez dituela bere gain hartuko lasterkarien parte hartzearen ondoriozko osasun arazoen erantzunkizuna. Gauzak hala, arduraz jokatzeko deia luzatu diete kirolariei. 

Txakurkrosari dagokionez, txakur-arraza guztien parte hartzea onartuko dute, baina hainbat baldintza jarri dituzte horretarako. Zer nolako ekipamendua eraman behar den zehaztu dute, besteak beste. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide