Artziniegako 750. urteurren ospakizunek ez dute etenik. Uztailean udalerriaren abizena duten pertsonen topaketa egin zuten, eta beste erronka berri bat mahaigaineratu dute orain.
Artziniegako Txirrindulari Elkarteak hiribilduari 750 kilometroko bira ematea txandaka proposatu du herrian barrena. Irailaren 6an izango da erronka
Hain zuzen, Artziniegako Txirrindulari Elkarteak hiribilduari 750 kilometroko bira ematea txandaka proposatu du.
ZIrkuitua ere zehaztu dute: Garai plaza, Arenazako biribilgunea, geltoki plaza eta Barrenkale lotu beharko dituzte partaideek, berriro ere Garai enparantzara ailegatzeko. "Modu iraunkorrean egingo dugu", zehaztu dute.
Hala, irailaren 6an goizetik gauera egongo da parte hartzeko aukera, baina 12:00etan eta 16:00etan antolatutako bi ibilaldi egingo dituzte, "haurrak dituzten familiak bertaratu ahal izateko eta modu serguruagoan taldean egin ahal izateko".
Argitu dutenez, banaka zein taldeka egin ahalko dira birak; eta "bueltak oinez edo bizikletaz (edozein motatakoak) egin ahal izango dira". Gainera, animatzen direnek opari txiki bat jasoko dute. "Garraio jasangarria sustatzeko jardunaldi honetan gurekin batera parte hartzera animatzen zaituztegu", erantsi dute oharrean.