Strata bilduma aurkeztuko dute urriaren 1ean Artziniegan. Artziniega Museoan egingo dute ekimena urriko lehen larunbatean, hots, hilaren 1ean. "Strata bilduma moda desfile batekin aurkeztuko dugu", adierazi du Artziniega Museoak sare sozialetan. Aurreratu dutenez, museo etnografikoaren anfiteatroa erabiliko dute horretarako, "jakina, guztiok zaudete gonbidatuta".
"Artziniegaren 750. urtemuga aprobetxatuta, Erdi Aroan inspiratu dituzte euren lookak, baina abangoardistago"
Strata bildumari dagokionean, Creanavarrako ikasle talde batek eginiko lana dela aurreratu du herriko eragileak: "Artziniegaren 750. urtemuga aprobetxatuta, Erdi Aroan inspiratu dituzte euren lookak, baina abangoardistago". Gainera, desfile musikatua izango da: zuzeneko musika eskainiko baitute Nerea Quincocesek eta Jordi Arcusak. "Bilduma garai hartako gizarte klaseen errepasoa da, garai hartako jantziei, ehunei edo xehetasunei keinu eginez", erantsi dute.